Larramendi Bazkunaren inguruan hausnarketa saioa

Erabiltzailearen aurpegia Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2019ko aza. 3a, 10:14

Andoaingo euskaltzale gazte eta helduen iritzia ezagutu nahi da, datorren azaroaren 16an goizeko 10:30ean Basteron hasiko den bilkuran.

Azaroaren 16an, larunbatarekin, goizeko hamarrak eta erdietatik aurrera, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan hausnarketa topaketa antolatu du Larramendi Bazkunak; horren helburua, herriko euskaltzale gazte eta ez hain gazteen iritzia ezagutzea da, aztertzea euskararen inguruko egitasmo sendorik antola ote litekeen manuel larramendi kultur bazkunaren eskutik eta deliberatzea, azkenik, belaunaldi gazteak prest ote dauden larramendi bazkunaren egitasmoari jarraia ematearen erronkari heltzeko.

Izan ere, aurtengo maiatzean Manuel Larramendi Kultur Bazkunak egindako biltzar nagusian lehendakari berria hautatu zuten: Ariane Obineta gazte andoaindarra, eta bazkideek argi eta garbi adierazi zioten lehendakari hautatu berriari zein zuen lehenengo eginkizuna: hausnarketa saioak antolatzea, argitzeko zein izan den arrazoia MLKBaren egitasmoak indar handiago har ez zezan herrian urte hauetan guztietan, eta argitzeko, bide batez, Manuel Larramendiren inguruan zabaldutako bideak etorkizunari begira ba ote duen aurrera egiteko aukerarik.

Hausnarketa saio horietako lehenengoa Andoainen egingo da, eta belaunaldi berriak euskalgintzara erakartzeko aukera gisa mahai gainean jarriko den beste gaia Larramendi eguna antolatzeko proposamena izango da. Izan ere, 2020ko urtarrilaren 25ean Larramendi eguna antolatuz –urtarrilaren 29an Manuel Larramendiren heriotzaren 254. urteurrena izango baita–, suspertu egin nahi da euskararen erabileraren aldeko mugimendua herrian, baita eskualdean ere, euskararen hauspogile aitzindari eta euskalgintzaren sortzaile izan zenari gorazarre eginez, baina, beti ere, etorkizuneko komunikazio eta harreman beharretara egokituz.

Horrenbestez, azaroaren 16ko saioan elkartzen diren herritarrek euskararen aldeko jardunari jarraia nola eman izango dute aztergai eta belaunaldi gazteak gai ote diren euskararen erabilera suspertzeko ekimen iraunkor bati hauspoa emateko. Hausnarketa saioan parte hartzeko ez da nahitaezkoa izena ematea, baina egoki antolatu ahal izateko komeni da. Izena aurretik eman nahi dutenek, euren asmoa azal dezakete bazkuna@larramendi.org helbidera idatziz.

Informazio gehiago behar izanez gero deitu 656-782-521 zenbakira.

NOIZ: azaroak 16, larunbata.

NON: Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoa .

NOIZ: 10:30.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!