"Erronkarik zailenetakoa euskaldun bizitzea da"

Erabiltzailearen aurpegia Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2020ko ots. 1a, 09:00
Ariane Obineta Larramendi Bazkunako lehendakaria

Ariane Obineta Manuel Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak adierazpena egin zuen Goikoplazan: "Gaur egun, orduan bezala, andoaindarrok eta euskaldunok etorkizunari begira dugun erronkarik bizienetakoa, zailenetakoa, euskaldun bizitzea da".

Larramendi Eguna ospatzen ari gara gaur Andoainen, euskara biziberritzeko, suspertzeko, askatzeko bideari hasiera eman zion euskalari andoaindar handiaren omenetan. Orain 354 urte hil zen, bere bizitza osoa euskarari eta bere sorterriaren aurrerabideari eskaini ondoren, eta bere gaztaroan ezinezkotzat jotzen zena, alegia, euskara hezibide eta kultura hizkuntza izatea, gizarte baten hizkuntza egituratzailea izatea, egintzat eta bidezkotzat utzi zuen berak, besteak beste, euskararen lehen gramatika idatziz eta euskararen lehenengo hiztegi handia argitaratuz…  Ezina ekinez egin zuen eta Euskal Herri osoari frogatu zion, garbi adierazi ere, geure hizkuntza berezkoa euskara zela eta hark egiten gintuela euskaldun.

Gaur egun, orduan bezala, andoaindarrok eta euskaldunok etorkizunari begira dugun erronkarik bizienetakoa, zailenetakoa, euskaldun bizitzea da, euskaraz hazi eta aritzeko gure aukera eta eskubideari eutsi ahal izatea.

Erronka hori guztioi dagokigu, zahar, heldu zein gazteei, baina gazteek duzue bereziki euskara gure gizartean sendotzeko eta zabaltzeko eginkizuna, Larramendik nahi bezala duin agertzeko ardura nagusia, katebegi berria baitzarete, eta euskaraz biziz, euskara gure eginkizun guztietarako –guzti-guztietarako– erabiliz gure nortasunari bere osotasunean eutsiko diogu, mundu zabalean barrena eskaintzen zaizkigun beste hamaika kultura eta nortasunen aukerari muzin egin gabe.

Horregatik. Euskaraldi berri bati heldu diogun urtean, udaberria agintzen digun negu umelaren erdian, gaur eta hemen elkartu garen euskaldunok hitz eman nahi diogu gure buruari, gure egunerokoan euskara gure bizitzaren ardatz egingo dugula, gure bizitzaren sustrai eta mami, gure nortasuna bermatuz, gure ingurumenean dugun kultura aniztasunari uko egin gabe, baina jakinik euskaldun izateko bide bakarra euskaraz bizitzea dela, euskara hitzetik hortzera erabiltzea, mugarik jarri gabe, bide berriak zabalduz eta gure nor izatea, gure nortasuna, osatuz.

Eta oraindik behar beste euskara ikasi ez dugun herritarrok hitz eman nahi dugu ahalegin sendoa egingo dugula euskara behar beste ikasten, euskara behar beste erabiltzen, herri euskaldun bateko partaide izan gaitezen ahalegina egiten, euskarak gu aberasten gaituelako eta gurekin, euskarak, herria aberasten duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!