Andoaingo Guduan parte hartzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia Manuel Larramendi Kultur Bazkuna 2020ko ots. 21a, 10:44

Aurten, irailaren 19an, larunbatarekin, Andoaingo gudua antolatzeko asmoa du Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Dagoeneko hasi dira lanak eta parte hartzeko lehen bilera deitu dute: antolatzaileek martxoaren 5ean, ostegunarekin, Urigain Kultur Etxera azaltzeko dei egiten diete andoaindarrei, bertako gela nagusian bilera egingo baitute arratsaldeko zazpietatik aurrera (19:00).

Herritar, aktore edo fusilari bezala irtengo diren andoaindarrak behar dira, emakume zein gizaseme, eta martxoaren 5eko bilera horretan nahi beste informazio emango zaie ikuskizunari buruz azaltzen direnei. Andoaingo gudua antzeztuko duten laugarren aldia izango da, 2013, 2015 eta 2017an egin ondoren.

Garrantzi handikotzat jotzen dute antolatzaileek herritarrak suspertzea ikuskizunean parte har dezaten. Larramendi Bazkuneko lehendakari den Ariane Obinetak adierazi du “Andoaingo gudua herriaren historian izandako gertakari historiko garrantzitsuenen artean dago, lehenengo gerra karlistan izandako gertakari oso anker eta odoltsua. Andoaindarrek han bizitutako guztiak gogoan eduki eta belaunaldi berriei horien berri ematea herritarron geuron eginkizuna da, beti ere azpimarratuz zein alferrikakoa eta zein hondamendi handikoa gertatu zitzaigun gerra hura, baina nabarmenduz ere herritarrek elkarrekin bat eginez gero aurrera egin dezakegula beti, irmo, orain ia berrehun urte egin genuen bezala, erretako baserri guztiak eta herria berreraikiz. Andoaingo herritarron eginkizuna da gure historia oroitzea eta oroitaraztea eta historia horien irakatsiak zabaltzea”.

20 bat gazte behar dira kartela osatzeko

MLKBtik dei berezia egiten diete herriko gazteei: une honetan 20 gazte behar dituzte, neska ala mutil, 16 urtetik gora eta 35 urtetik beherakoak, Andoaingo gudua iragarriko duen kartela egiteko. Horretarako, argazki-saio berezia antolatuko dute –kartela egiteko, alegia- eta ordurako hogei gazte horiek elkartu nahi lituzkete, behar bezala jantzi, etab.

Kartela sortzeko lanetan parte hartu nahi duten gazteek egin dezatela dei 656-782-521 zenbakira, whatsappa idatzi edo bazkuna@larramendi.org helbidean izena eman; lehenbailehen, mesedez!!

1837ko irailaren 14an

Andoaingo gudua 1837ko irailaren 14an gertatu zen, lehenengo karlistaldian, Andoaingo kale eta inguruetan, goizaldean hasita. Liberalen eta karlisten arteko borroka izan zen eta borroka odoltsuetan 600dik gora gizon hil ziren, ia guztiak liberalak eta horietatik gehienak eskoziar, ingeles eta irlandarrak. Karlistek ia hildakorik ez zuten izan egun horretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!