Ez delako dezibelio kontua soil-soilik

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Manzisidor 2009ko ira. 29a, 18:55

Insomnio gauak omen dira inspirazio bila dabiltzanentzat idazteko momentu aproposenak, eta probatzea pentsatu dut. Probatzea ze, ehiztariak ere ez dira alferrik irtengo pieza bila oraindik ilun dagoenean, ezta arrantzale edo perretxikozaleak ere. Bakoitza berearen xerka.

Eta ordenagailua altzoan, bere argitasun artifizialegi horrek begietan mina eman dit hasieran, ohitu arte. Eta plastikozkoa iruditu zait pantailan jarria dudan haurraren irribarrea ere, amerikanoegia, ingelesa ikasteko liburuetan agertzen direnen antzekoa. Berdin kaleko farolen itzal laranjak ilargiari adarrak jartzen dizkion gauaren maitale izatez lotsaturik aurreko etxeen hormetan ezkutatu nahian. Errudun. Inguratzen nauen baretasuna ere arrotza egin zait, baita mesanotxeko iratzargailuaren orratzen mugimendu errepikakorrak tik-etik tak-era emandako deskantsua ere, inoiz baino luzeagoa, zerbait gertatzear balego bezala. Artifiziala egin zait guztia. Artifizialegia.

Eta tik…

Pentsatu dut hasieran begi aurrean nuen orri zuriak bezainbateko errespetua eman lezakeela mutututako momentu batek, momentu honek, hauskorra baita oso, eta interpretatzen zaila, emankortasun mugatukoa. Eta isiltasunaz hausnarketa…

Isilik geratzen denak esateko ezer ez duelako egiten omen du hori batzuen ustez. Paradoxikoki behar baino gehiago hitz egiten da agian isiltasunaz. Behar baino gehiago, edo behar adina, agian. Gizakiak izan arren, animaliak ere bagarelako, instintiboak. Baina, zer dio isiltzen denak, isiltzen denean?

Isiltasuna entzun nahi izan dut orduan, isiltasuna bilatu egunero telebistan kontatzen dizkiguten hitz horietan guztietan, belarrietatik sartzen dizkiguten ipuinen lerroen artean, inguratzen gaituen guztian. Eta guztia iruditu zait beti bezalakoa: artifizialegia.

…tak.

Laboaren esaldia Van Goghen ebakitako belarriaz entzutearekin amestu dut bart, insomnioa isiltasunaz aspertu denean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!