Tragedia eta komedia

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Muguruza 2017ko aza. 20a, 01:00

Aurrehistoriatik izan du gizakiak espresatzeko beharra. Koba ilunetako haitzetan egindako artetik hasita, gizakiari balizko espiritu batek bultzatu dio sentitzen duena adieraztera. Horrela sortu zen, Greziako kulturaren loraldian, gaur egun arte dirauen artea: antzerkia. Heroi tragikoen historia loriatsuak kontatu zituzten Sofoklesek eta Euripidesek euren tragedietan. Erromatarren garaian, Plauto eta Terentzio bezalako antzerkigileek, agintari eta boteretsuez barre egiten zuten pertsonaiak asmatu zituzten, egungo sasi-demokrazietan gustura zentsuratuko lituzketen obra eder bezain pozoitsuak argitaratu zituztenean. 

ren izana hobekien islatzen duen artea. Izan ere, bizitzak berak sarritan obra erraldoi baten itxura du, eta obra ederrenek bezala, badu tragediatik eta badu komediatik. Obra horren zati garrantzitsuenetariko bat boterearen tirabirek betetzen dute, hau da, politikak. Egun Katalunian gertatzen ari dena dugu horren adibide: aktore ezberdinak, heroiak, tiranoak… Baina ez da  bakarra. 1936an Francoren estatu kolpearen aurrean, Katalunia antzeko egoeran geratu zen. Companysek 1934an Kataluniako Errepublika Federala aldarrikatua zuen, nahiz eta de facto ez zen abian jarri, bi urteren buruan Gerra Zibila piztu baitzen eta 1940an Francoren tropek Companys fusilatu baitzuten. Gerraren baitan, Fronte Popularraren barruan zeuden talde politiko ezberdinek ez zuten  elkarbizitzen jakin eta gertaera negargarriak jazo ziren: Bartzelonan elkarri tiroka amaitu zuten faxismoari aurre egiteko elkartu zen koalizioko kideek. Denok dakigu nola amaitu zen istorioa: 40 urteko diktadurarekin eta frankismoaren ezaugarri soziologikoak dituen egungo “demokrazian”.

Azaroaren 8an, aldiz, ERCk esan zuen ez duela zerrenda bateratu bat eratuko beste alderdi eta erakundeekin abenduaren 21ean egingo diren hauteskundeetarako, “ezinezkoa litzatekelako”.  Ezezkoa eman dio “Fronte Popular Kataluniarrari”. Nik ez dakit ezinezkoa den ala ez, eta ziurrenik maniobra politiko hutsa besterik ez da -hori sinetsi nahi nuke behintzat-. Zeren, 36ko Gerrak zerbait argi utzi bazuen, honakoa da: indar guztien beharra dagoela frankismoa suntsitzeko, izan komunista edo liberal, izan gizon ala emakume, denen indarrak batzea ezinbestekoa dela horrelako arerio indartsua garaitu nahi bada.

Karl Marxek honakoa zioen bere idazki famatuetako batean: “historia tragedia bezala errepikatzen da lehenbizi, fartsa edo komedia bezala ondoren”. Behingoagatik bada ere, Marx erratuta zebilela uste dut. Apustua gaizki irteten bada, izan gauza bat argi: ordukoak asko izan zuen tragediatik, baina oraingoak, ez du komediatik izpirik izango.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!