Espetxeak arazoa zu zarela berresten saiatzen dira eta mugimendu feministatik pentsakera hori irauli behar dugu: arazoa sistema patriarkal, arrazista eta kapitalista da!!!

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Txapartegi Nieve 2020ko urr. 13a, 09:15

Gizonek gizonentzako eginiko ezleku batean, emakumeok otzan ezitzeko ahaleginak eta bi egiten ditu espetxe sistema patriarkalak. Hierarkikoki osaturiko instituzioan emakumeoi apurtu ditugun rolak hausteagatik zigortzen gaituzte. Gure beharrak aintzat ez hartzeaz gain, gure errua dela ez konformatzea eta arazoa gu garela erakustarazten saiatzen dira etengabe. Espetxean jasaten dugun isolamenduari, urruntzeari… zigor areagotua erantsiz. Zapalketa bikoitza eta hirukoitza da emakume presook eta preso amok jasaten duguna, espetxera ekarri gintuzten arrazoiei, ez "obeditzeagatik“ ezartzen zaigun zigorra gehitzen baizaio.

Horretarako espetxeko eguneroko bizitzan emakume presooi "gizarteratzeko“, isolamendua apurtzeko ematen zaizkigun aukerak guztiz heteronormatibo, sexista eta patriarkalak dira: garbitu, lisatu eta horrelakoak…

Barruan gure gorputzaren eta pentsaeraren kontrol saiakera eguneroko ogia den bitartean, kanpoan gizarteak sozialki zigortzen gaitu eta ez gu bakarrik baita gure familiako emakumeak ere. Barrukoak familia lehenetsi ez dugulako kritikatuak, haurrik ez baditugu ez ditugulako eta baditugu utzi egin ditugulako. Denek dakite zer den ama ona izatea eta zer ez!!! Gure etxekoak, berriz, emakume bezala guk hautatu dugunagatik zigortuak. Izan ere, ez baikara etxean gelditu familia zaintzeko eta hori gogoratu behar zaie, alaba txarrak garela. Ez dugula patriarkatuak esperotakoa bete!!! Horrez gain, normaltzat jotzen da beraiek zaindu behar gaituztela, gure arropak prestatu, bidaiarako janaria bixitarientzat prestatu edo eta astero milaka kilometro egin kristal batek banatura ikusteko.

Espetxeek eta estatuek gure haurrak zigortzen dituzte gure haurrak izateagatik soilik eta kanpoan amatasun instituzio patriarkalarekin eta zigor sozialarekin topatzen gara. Horregatik, garaia da emakume* izateaz eta zaintza lanez hitz egiteko! Ikusi berri dugu Corona garaian ere krisiaren zama emakumeongan* erori dela eta ez dezagun utzi kartzelaren zaintza zama ere gure gain gera dadin!!!

Utzi genituen etxeak, utzi genituen familiak, kendu zizkuguten haurrak… eta utzi genituen beldurrak! Besteek zer esango dutenarenak, eta ariketa hori egin beharko genuke denok, zaintzan ari garenok eta bereziki gure gain zaintza lanak uzten ditun horiek! Horretarako aukera, urriaren 14an Billabonako Mintzolan Lurgatz Talde Feministak antolatutako "Emakumea*, Espetxea, Zaintza“ mahai-inguruan izango dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!