Maiatzaren Lehena

Erabiltzailearen aurpegia

Nura Ariztimuño Gazte Koordinadora Sozialistako kideak honako ohar hau helarazi du:

Maiatzaren lehena langileriaren tradizio historiko eta irakaspenak biltzen dituen borroka eguna da. 1886ko 8 orduko lanaldiaren aldeko borrokan eraildako militanteen omenez izendatutako Nazioarteko Langileon Eguna. Testuinguru honetan, non egunetik egunera langileon egoera geroz eta okerragoa den, borrokan jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen.

Egun, gazte langileok debaluatutako subjektu moduan jokatzen dugu burgesiaren etekin ekonomikoak handitzera begira. Honen adibide dira soldata murritzenak, lan prekarioenak, aldi baterako lanaldiak edota doako praktikak arlo laboralean. Gainera, funtzio ideologikoa bermatze aldera eduki despolitizatzailez hezten gaituzte, gure izaera beren interesen menpekoa izaten jarraitzeko. Hala, eskeintzen dizkiguten baldintzei men egitea besterik ez zaigula gelditzen sinestaraziz.

Bizi dugun krisi egoeraren aurrean ofentsiba burgesa eraikitzen ari den estatu totalitarioak gazteak jarri ditu jo puntuan, hauen egoera geroz eta gogorragoa izanik. Horren adibide dira gazteon langabezia tasa edota hauen aurkako era ezberdinetako jazarpen eta kriminalizazio kasuak. Agerikoa da gainera komunikabideek jokatzen duten papera kriminalizazioa hauspotuz. Horregatik gazte langileok kalera ateratzeko hautua egin dugu egun esanguratsu honetan.

Egoera honen aurrean argi dugu langileriaren, eta gazte langileon arazoei aterabidea emateko dugun tresna bakarra antolakuntza komunista dela. Honakoa zapalkuntza ororen aurkako eta klase gabeko gizarte baten aldeko programa historikoari ekarpena egiteko borroka tresna gisa.

Horregatik, maiatzaren lehenean, arratxaldeko 20:00tan, Hernaniko Gudarien Enparantzan Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deialdia egiten dizuegu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!