UDARAK DAKARRENA

Erabiltzailearen aurpegia
Ikasturtearen bitartean, lanean aritzen diren ikasleek, lana eta ikasketak uztartu behar dituzte. Aldiz, kurtsoa ikasten igarotzen duten ikasle gehienek, udaran lan egin behar izaten dute, beraien bizitza erreproduzitu ahal izateko. Nabarmendu behar da, udaran lan egiten ez duen gaztea gogorki kriminalizatzen dela. Honek, arazo ideologiko larri batetara garamatza, udaran lan egitea bultzatzen da eta honen aldeko jarrerak nagusitzen dira.

Garai batean pozarren hartzen genuen udara, ekaina erdialdean kurtsoa amaitu, herriko festak lagunekin disfrutatu eta oporraldi luzeaz gozatu. Atsekabe gutxi izaten genituen. Gaur egun ordea, nahiz eta oporrak izan, beste begi batzuekin ikusten dugu gazteok garai hau.

Pandemia batean murgildu baina lehenago ere bor-borka zebilen krisi testuinguru batean aurkitzen gara. Gizartearen berrantolaketa baten aurrean gaude, non langileriaren baldintzak gero eta okerragoak diren. Bertan, gazteok funtzio jakin batzuk betetzen ditugu, bai ekonomikoak baita despolitizatzaileak ere. Ekonomikoei dagokienez, kapital metaketaren berrantolaketan pisua hartzen duen subjektua gara. Izan ere, etorkizuneko lan indarra gara, eta honakoa beharrezkoa izango da gainbalioa erauzten jarraitzen dela bermatzeko. Kontuan hartuz, baldintza okerrenak ezartzen zaizkigula, izugarrizko erreserba ejerzitua sortuz. Funtzio despolitizatzaileei dagokionez berriz, gazteak parrandara bideratzen dira, gainontzeko arazoez ahaztu daitezen. Parrandan ez badaude, bestelako plataformak baliatzen dituzte distrakziorako (Netflix edo Amazon prime plataformak, bideo jokoak, youtube…). Edozer, logika burgesa aztertu eta zalantzan jartzea ez den bitartean.

Ikasturtean zehar gazteok izandako egoerak, izango dugun udara baldintzatzen du. Ikasturtearen bitartean, lanean aritzen diren ikasleek, lana eta ikasketak uztartu behar dituzte. Konplexutasun honek, ehuneko handi batek lanarengatik ikasketak albo batera uztea eragiten du, zuzenean euren burua lan mundura kondenatuz. Aldiz, kurtsoa ikasten igarotzen duten ikasle gehienek, udaran lan egin behar izaten dute, beraien bizitza erreproduzitu ahal izateko. Nabarmendu behar da, udaran lan egiten ez duen gaztea gogorki kriminalizatzen dela. Honek, arazo ideologiko larri batetara garamatza, udaran lan egitea bultzatzen da eta honen aldeko jarrerak nagusitzen dira. Alegia, despolitizatutako gizarteak udaran lanaren apologia egiten du, presioa helaraziz honekin bat egiten ez duenarekiko.

Udaran gauzatzen diren soldatapeko lanek, normalean soldatapeko lanek dituzten baldintzak okertzen dituzte. Lan horiek, aldi baterako ordezkapen lanak zein aisialdi eredu kapitalistarekin lotutako lanak izaten dira. Soldata baxuak, kontratu gabeko lanak, lan arriskutsuak edo ordainduko gabeko orduak dituzten lanak nagusitzen dira. Ezaugarri horietaz, askotan klase ertaina baliatzen da, zapaldutako langileen zerbitzuak probestuz eta aldi berean kontsumituz. Argi gelditzen da aisialdirako langileria eta klase ertainaren arteko arrakala. Adibidez, klase ertaina oporretara joango da, langileriak lan egiten duen bitartean. Askotan oporretara joaten denaren hutsunea betetzen, denbora baterako lan zehaztua izanik eta baldintza eskasagoak izanik.

Honek, udaran gazteok dugun aisirako eredua aztertzera eramaten gaitu. Gazteen gehiengoak, parranda egitera bideratzen du. Askok, beharrezkoa izanik jai eredu kapitalista hori, lanera itzultzeko. Berdin egun bateko zikloan, non lan egin ostean lagunekin zerbeza batzuk hartu behar dituzun hurrengo egunean lanera lasai itzultzeko. Berdin aste bateko zikloan, non aste guztiko lanaren ordainetan asteburuan izugarrizko parranda botako duzun datorren aste guztia lanean pasatzeko. Eta berdin, urte osoko ziklo batean, non udaran parrandaz parranda joango zaren datorren ikasturteari lasai aurre egiteko. Hau da, soldatapeko lanaren aurrean parranda da gazte askoren salbazio bakarra aisia horretara bideratuz.

Jaialdi kapitalistak bi funtzio nagusi betetzen ditu burgesiarentzat. Batetik, ekonomikoa dugu, non parrandan kontsumitzen den guztiak irabaziak ematen dizkien jabeei. Bestetik despolitizatzailea, non gazteen motibazio bakarra parranda den eta beraien egunerokoa horretan pentsatzen igarotzen duten. Gainera, zerbitzu horiek eskaintzen gazteek egon behar izaten dute. Laburbilduz, gazteoi parrandara bideratzen gaituzte, bertan gu izanik lan egiten dugunak eta gu izanik dirua uzten dugunak. Hori guztia, norbaitek irabaziak izan ditzan.

Gainean dugun etorkizuna ikusita, proletarizazio handitzen doala ikusita eta gazteok ditugun baldintza kaxkarrak ikusita, beharrezkoa da antolakuntza komunistaren aldeko hautua egitea. Geroz eta nabariagoak dira sistema kapitalistak dituen hutsuneak, geroz eta nabariagoa den moduan sozial demokraziak proposatzen duen ongizate estatuaren ezintasuna. Honen aurrean, gazteok gure ekarpena egin behar dugu, testuingurua zorrotz aztertuz eta modu eraginkorrean eraginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!