Dantza

Erabiltzailearen aurpegia
"Dantza" filmeko irudi bat. Argazkia: Xabier Artola Zubillaga.

Bastero. Ostirala. Urtarrilak 11. Dantza filma pantailan, eta mila begi hari iltzatuta. 500 buru, hainbat aburu. Hona euskal dantzan edota zinemagintzan zaletu arrunt baten sentsazio pertsonala.

Bigarren aldiz ikusteko gogoz irten nintzen Basterotik, hasteko eta behin. Makina bat xehetasun bigarrengoan harrapatuko nituzkeen esperantzarekin; sinbologia filmaren ardatzetakoa dela ezaguna baita. Lorpenak eta hutsuneak aipatuko ditut telegrafikoki, zutabetxo honek ematen didan espazioan. Lorpenen zerrenda amaigabea da, kasik. Estetikoki, plastikoki gozamen hutsa baita ikusleen begietara agertzen zaigun ikuskizuna. Meritua galanta, ordu eta erdi pasatxoan hainbat istorio (naturaren zikloa, lurraren ereitea eta uzta biltzea, iraunbizitzekoko giza borroka, maitasun kontuak, ohiturak, jaiak, mitologia...) musika eta dantzaren eskutik soilik kontatzen jakin izan dutelako. Eta hori guztia, aktoreen ahotik hitz bakarra entzun gabe. Barka, une batean “Txotx!” aditzen da.

Meritua galanta ere, 250 dantzari bikain –Urkikoak tartean– dantzatzen eta antzezten armonia betean aritzeagatik. Lokalizazioak, paisaiak, argazkia, planoak, koloreen erabilpena... den-dena bikain neurtuta dago, obsesiboki neurtuta. Aurrerapen digital guztiak erabilita ere Hollywooden hobetu ezingo litzatekeena. 

Alabaina, badira zenbait koreografia (Arantzazun edota Zarautzen) filmaren erritmoa moteltzera datozenak. Azken muntaian eszena horiek luuuuuzegiak izan zitezkeela ez ote zen inor konturatu? Aurrez euskal dantzazaleen pazientzia irabazita dauka filmak, geure-geurearekiko dugun identifikazioagatik. Ordea, euskal folklorera lehenbiziko  aldiz hurbilduko denaren begietara produktua erakargarri bilakatzea, hori ere lortu nahi bazen, ez dakit ba asmatu ote duten. Generoaren ikuspegitik ere ditut zalantzak: koreografia askotan gizonezkoak alde batetik doaz, eta emakumezkoak bestetik. Bikotea bi sexukoek osatzen dute... Hor uzten dut aztergaia, hausnarketa sakonagoak eginda dituenak iritzia osatu dezan.

*Ironiaz irakurri beharreko postdata: andoaindartasunaren ikuspegitik, euskal folklorearen eta dantza sinbolikoen argazkia osatu nahi bazen, barkaezina da Axeri Dantzarekin gogoratu ez izana. Jokin Otamendi filmaren protagonista nagusietakoa izateak ezin dezake leundu 'haserrea'.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!