Kirol gune itxiak naturgune ederrean

Erabiltzailearen aurpegia

Udal kiroldegiaren erreformarako proiektuan pauso berri bat eman zuten aurrera, Lekaion egin zuten aurkezpen ekitaldiarekin.

Aurretik, makina bat gauzatu dira: hainbat eragileekin kontsultak (kirol taldeak, kirolariak, teknikariak, alderdi politikoak...), parte hartze prozesua, lehiaketa publikoa eta proiektuaren erredakzioa, pleno ezberdinetan kreditu aldaketa eta proiektua onartzea...

Urtarrilaren 31n, berriz, herritarren aurrean behin betiko proiektua aurkezteko txanda heldu zen. Hogeita hamar bat zenbatu nituen. Kiroldegi berriaren inguruko xehetasunak entzutera joan ziren gehienak, baina batez ere, kexa eta pena agertzera. Bereziki, ez dutelako igerilekua estaliko.

Ez naiz urnietarra, eta ez dakit zein den bertan bizi diren 6.000tik gora biztanleen gaiaren inguruko iritzia. Ez dakit gehiengo baten sentimenduaren ordezkari ote ziren Lekaiora hurbildutakoak. Eskamentuak esaten baitit, normalki, gehiengo batek iritzia eduki, edukitzen duela. Eta oso zaleak izaten garela lagun artean-eta adierazteko, kritikak honi eta hari egiteko. Baina gero, horretarako tokiak eskaintzen zaizkigunean, orduantxe mutu geratzen gara.

Kanpotar baten ikuspegitik, ulergarriak egin zitzazkidan kexu zirenen arrazoiak. Baina are ulergarriagoak igerileku estaliaren bideragarritasun eza defendatzeko udal ordezkariek emandako argudioak. Azken batean, herritarren osasunaz eta aisialdiaz hitz egiten hasten bagara, edota udal aurrekontua zertan xahutu eta zertan ez... era guztietako arrazoiak irtengo zaizkigu. Nork bereak edukiko ditu, eta zaila izango da denenak asetzea.

Igerikuaren aferaren aitzakitan, Lekaioko ekitaldian, egungo gizarte konplexuaren –eta modernoaren?– zenbait adierazle azaleratu zitzaizkigula esango nuke. Interes orokorreko udal gaiek ukitzen gaituzte eta mugiarazten, baldin eta gertu-gertutik ukitzen bagaituzte. Kirola gero eta gehiago praktikatu nahi dugu, eta intsalakuntzei dagokionez geroz eta exijenteagoak gara. Kirola naturan praktikatu ahal izateko leku pribilejiatuan bizi gara, baina makinez jositako kaiola moduko toki itxietan sartzeko amorratzen egoten gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!