Lehiaz harago doan ligaxka

Erabiltzailearen aurpegia

Buruntza auzoak irabazi du aurtengo auzoen arteko herri kirolen liga. Santa Krutzen hasi zen lehiaketa, eta Etxeberrietan, Goiburun, Buruntzan eta Sorabillan izan du jarraipena. Lehiaren gainetik, auzoen eta auzotarren arteko adiskidetasuna nagusitu da.

Sokatira eta lokotxa biltzea jarri ziren desafio gisa Sorabillan, eta ikuskizun polita eskaini zuten Buruntza, Goiburu, Etxeberrieta eta Sorabillako kirolariek; Santa Krutz igandeko lehiatik kanpo geratu zen, ezin izan baitzuen osatu taldea. Ikusle ugari bildu zen Andoaingo auzo desberdinetatik bertaratuta, eta sokatirak eragin zuen emoziorik handiena. Izan ere, tiratzaileek etengabe jaso zituzten haien animoak. Azkenean, Sorabillako taldea izan zen punturik gehien jaso zuena, bi probatan.

Liga Santa Krutz jaietan abian jarri zen, eta geroztik Etxeberrieta, Goiburu, Buruntza eta Sorabillatik igaro da. Hainbat proba jokatu dira urtean zehar han hemen, lokotxa biltzea eta sokatiraz gain, sega, ingudea, zaku karrera, toka, karretillan pertsona eramatea, traktorearekin giza proba... Honela geratu da azken sailkapen orokorra:

1. Buruntza (36 puntu).

2. Sorabilla (31 puntu).

3. Goiburu.

4. Santa Krutz (21 puntu).

5. Etxeberrieta (20 puntu).

Mistoak izan dira proba gehienak, eta zigorrak jaso dituzte zenbait pronetan araua bete ez dutenek.

Kirola eta herrigintza uztarturik

Herri kirolak plazaratzearekin batera, herrigintzaren ikuspegia jarri behar da argitan, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dutenez. Izan ere, antolatzaileek helburu ugari jarri zituzten jomugan, ligaren ekimena iaz abiarazi zutenean; hala nola, geure-geureak diren eta nahiko baztertuak dauden herri kirolak sustatzea, herritarrak herritarrak jaietako ekitaldietan parte hartzera animatzea, auzoen eta auzotarren arteko harremanak estutzea, auzoetako jaiak indartzea... Nahiko argi dago bete egin ari direla jarritako helburuak. Bi liga aurrera eramateak aparteko ahalegina eskatu die antolatzaileei, ez baita erraza kirolariak erakarri eta taldeak osatzea (are gutxiago Andoainen, jai ugari opor garaietan ospatzen baitira).

Orain arteko emaitzak ikusita, antolatzaileek, kirolariek eta ikusleek bat datoz iritziarekin: ekimenak jarraipena eduki beharko luke Andoainen, herri kirolen eta herrigintzaren mesedetan.

Erlazionatuak

Buruntzak irabazi du auzoen arteko herri kirolen liga

Andoain

Buruntzako taldeak irabazi du Andoaingo auzoen arteko herri kirolen liga. Sokatira eta lokotxa biltzea izan ziren azken bi probak, Sorabillako jaie...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!