Okerreko hautua egin dut bizitzan

Erabiltzailearen aurpegia

Larramendi Bazkunak urteko batzarrean parte hartu nuen joan den larunbatean, bazkide gisa. Baziren zenbait urte Larramendiren batzarretara ez nintzela azaltzen, eta gorputzean ezin egon batekin irten nintzen bileratik.

Berriro ez joatea pentsatzen ari naiz. Ez beza pentsa irakurleak ezer “apartekorik” gertatu zenik batzarrean. Tristura, amorrua, etsipena... sentimen ezkor ugarirekin irten nintzen batzarretik, bai. Eta ez da lehenengo aldia halako gorputzaldiarekin amaitzen dudala, era guztietako gizarte erakundeen bileretan parte hartu izan dudan bakoitzean. Maiz, maizegi gertatu izan zait horixe, gizarte, kultura edota politika mailako kontzientzia hartu nuenetik eta asoziazionismoak gizarte ongizatean mesede egiten diola sinesten hasi nintzenetik.

Akaso nirea da arazoa, pertsonala, eta psikologo baten premian nabil. Terapia  aholkatuko lidake, edo halako kontu altruista ilusoak uzteko eta hedonismoren magaletan erortzen uzteko, bizitza behin bizitzen dela-eta.

Oraingoz, nahiago ditut idatziz plazaratu nire neura pertsonalak, eta irakurlearekin partekatu, baten bat identifikatuta sentitzeko esperantzarekin. Horrek nire ezinegona arindu lezakeelakoan.      

Nekatuta nago, laburtuz, bilera horietan antzeko koplak entzutera kondenatuta egotera.

Talka egiten duten bi errealitatek osatutako eskema berbera aditu behar baita, maiz. Batetik, giza kapitala, boluntariosmoa barra-barra eta eskuetan egitasmo ilusionagarri eta egingarriak. Eta bestetik, ezintasuna, ezin frustragarriagoa, instituzioen benetako babes eta konpromiso faltagatik. Inkluso, erruduntasunaren eta autoestimu faltaren sentimenak aditu beharra elkarteko kideen ahotik, “gure egitasmoa ez da hain ona izango...”, “gaizki planteatuko genuen...”.  Gehien-gehienetan, ez dira haindainoko dirutza eskatzen duten aurrekontuak izaten. Hiru mila, hamar mila... Obsesioraino murrizten dira aurrekontuak, kontuan hartzen delako elkarteetako kideen kemena, boluntarismoa...

Irudimena pittin bat astinduz, galdetzen badiozu zeure buruari elkarteen egitasmo horiek erakunde publikoek bere gain hartuko balute (beren kargu politiko, zuzendari eta funtzionarioen esku alegia), bada, orduan, ateratzen zaizun ondorioa da aurrekontua izugarri disparatuko litzateekeela.

Eta azken batean, gizartearen ongizate humano, sozial edo kulturalarentzat bultzada diren egitasmo horiek nekez hartzen dira inbertsio publikotzat. Berdin esan daiteke kultur sortzaileengandik, pandemiak beren prekarietate kronikoa are prekarioago bilakatu duen honetan.

Zuhurkeriaz eta gutxiespenez jokatzen da sarritan elkarte horiekin eta beren egitasmoekin. Jokabide horren kontrastean, beste muturrean, hainbat obra publikoekiko jokabidea daukagu, faraonikoak horietako batzuk. Inongo erreparorik ez da izaten konta ezin ahala zero dituzten zifrak bideratzeko horietara. Adibide ilustragarriena, hastapenean lau mila milioiko aurrekontua omen zeukan AHTa, eta dagoeneko estimatu zaiona beste bi mila milioi gehiago erantsi beharko zaizkiola.

Normaltasunaren baitan kokatzera behartzen gaituzte bere hastapeneko kostua eta geroztik pilatzen ari den gainkostua. Esaten baitzaigu gizarte baten ongizatearentzat hil ala biziko inbertsioa dela, eta nahiz eta koronabirusaren osasun krisialdi batean murgilduta egon, jendea hiltzen ari, zahar etxeak baliabideetan oker ibili, musukoak ere faltan eduki... lehentasunezko proiektua dela adierazten zaigu. 

Amorratzen nau EITBko irrati eta telebistetan iragarki ofizial horietako batean “Euskadi, Auzolana” leloa entzuten dudan aldiro. Komunikabide publiko horiek itzali, eta gure errealitatea nekez islatzen duten Espainiako komunikabideetara jotzeko gogoa ematen dit.

Akaso, nire neurak sendatuko lirateke instituzioek aurrekontuak onartzeko traba askorik edukitzen ez dituzten enpresa horietako baten kide izango banintz, beste gizarte elkarteak haizetara bidali eta gero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!