Rodolfo Martin Villa

Erabiltzailearen aurpegia

Jendetza bildu ginen Iruñeko Justizia Jauregian irailaren 3an, ministro frankista ohiak Maria Servini epaile argentinarraren aurrean deklaratu behar zuen egun berean.

Antifrankismoan militatutako lagun ugari topa zitezkeen elkarretaratzean; poliziak torturatutakoak, Gasteizeko martxoak 3ko bost langileen, Joseba Barandiaran edo German Rodriguezen, eta, trantsizioan zehar indar polizialek edo parapolizialek eraildako 90 pertsonen senide eta adiskideak, memoria historiko antifrankista jorratzen duten elkarteetako kideak, edo eta, besterik gabe, 45 urtetan batere aplikatu ez diren egia eta justizia eskatzen dituzten herritarrak.

Ez da makala Martin Villaren deklarazioak gizartean eragin duen ikusmina, eta horren lekuko Iruñera hurbildutako makina bat komunikabide. Sentimendu biziak -gorputz dardara, askori- pizten segitzen baitu morroi horren aipamen hutsak.

Martin Villak aro historiko jakin bat erretratatzen digu.

Diktaduraren hondarrean, sektore elitistenek (politikoek, enpresarioek, kazetariek, militarrek, indar polizialek...) trantsizio politiko eredugarriaren fantasiazko ipuina zabaldu ziguten, hanka-azpitik pasaz giza eskubideei lotutako “egia, justizia, erreparazioa” kontzeptu unibertsala. Eta halaxe, bizikidetza, bakea, bi bandoen arteko adiskidetasuna... bezalako kontzeptu handi-mandiez apaindutako kontakizun horretan adoktrinatu gaituzte berrogei eta piko urtetan. Juan Carlos borboi ustelduaren aferak horixe erakutsi digu. Kazetariek heroien aldarean jarri digute hamarkadetan, eta hara non, horietako izar bat, Iñaki Gabilondo, “lotsatuta” sentitzen omen da orain.

Martin Villak, diosala faxista egiteko eskuin eskua maiz altxatzera ohitu zen falangista izaki, hainbat kargu politiko bereganatu zituen frankismoan 1962az geroztik; Bartzelonako gobernadore zibila izan zen besteak beste. Franco hil eta Arias Navarro eta Adolfo Suarezen gobernuetako kide izan zen, harreman sindikaletako idazkari eta barne ministro. Estatuko indar errepresiboen buru izatera iritsi zen, eta poliziek zein horien konplize ziren ultraeskuindarrek 90 lagun hil zituzten estatu osoan. PSOEk hauteskundeak irabazi ostean, PPko diputatua izan zen 80ko hamarkadan. Geroztik, hainbat enpresetako (Endesa, Sogecable..) administrazio kontseiluetako kidea izan da.

Franco hil osteko trantsizioan, bere kasua, hainbaten antzekoa izan zen, mirarizkoa alegia: gauez diktaduraren egituretan ardurak edukitzetik hurrengo goizean bizi guztiko demokrata izatera igaro zirenena. Egin kontu: Francoren azken 50 ministroetatik, erdik politikan jarraitu zuten, eta beste erdik enpresa handietako administrazio kontseiluetan amaitu zuten (bide urratzaileak izan ziren ondorengo politikagintzan, modan jarriz “ate birakarien” fenomeno lotsagarri eta etikarik gabekoa).

Aldi berean, TOP (Ordena Publikoko Epaitegia) osatzen zuten 16 epaileak, polizia torturatzaile eta hiltzailearen konplize izan ostean, ondo ezagunak zaizkigun Epaitegi Gorenera edo Audientzia Nazionalera igaro ziren. Eta antzeko izan zen indar polizial eta ejertzitoko kideek bizi izan zuten prozesua (paradigmatikoa, kondekoratua eta pentsio bikain baten jabe izanik hil berri den Billy el Niño torturatzailearen kasua).

Frankismoko krimenentzako inpunitatea errotuta dago estatu-egituretan eta nekez epaituko dituzte Martin Villa eta enparauak. Baina gutxienik, gizartean zabaltzen ari da 78ko erregimenak hitzartutako amnesia auzitan jartzeko premia demokratikoa.

Erlazionatuak

Martin Villa epaitzeko eskatu zuten Iruñean

Andoain

Hainbat lagunek Maria Servini epaile argentinarrari babesa adierazi zioten, arratsalderako ministro ohi frankista deklaratzera deitua zuela eta. Mi...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!