Zizurkilgo Udalak ostalarientzako dirulaguntza lerroa zabaldu du

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2020ko abe. 4a, 16:06

Itxiera erabatekoa bada hilabetero 600 euro jasoko ditu ostalariak taberna itxita egon den hilabete bakoitzeko. Itxiera partziala bada, berriz, 300 eurokoa itxita egon den hilabete bakoitzeko.

Covid-19aren bilakaerak eragindako galerak arintzeko udal dirulaguntzak emateko urgentziazko deialdiaren oinarriak onartu ziren azaroaren 26an, Alkatearen dekretu bidez.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egunekoa izango da. Herriko ostalariekin bilera ezberdinak egin izan ditu Udalak azken asteotan eta aurrerantzean ere harreman zuzena mantenduko dute.  Datozen egunotan alkateak ostalariei banatuko dizkie eskaera orria eta zinpeko adierazpena, euren eskaerak egin ahal izan ditzaten.

Dirulaguntza deialdi honen xedea Covid-19ari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz kaltetuak izan diren Zizurkilgo udalerriko ostalaritzako establezimenduen jarduera ekonomikoa berrabiarazten laguntzea da.

Erabateko etetea ematen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa 600 eurokoa izango da etendura-hilabete bakoitzeko. Etete partziala ematen bada, dirulaguntza hilabete bakoitzeko 300 eurokoa izango da. Onuradun bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 1.500 eurokoa izango da guztira. Dirulaguntzak deialdi horretarako aurrekontua amaitu arte emango dira, hau da, 30.000 euroak amaitu arte.

Onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte, 2020ko azaroaren 7an:

  • EAEn erroldatuta egotea.
  • Enpresa-jardueraren egoitza soziala eta fiskala Zizurkilen egotea, eta lantokia ere Zizurkilen kokatzea.
  • Alta emanda egon beharko du EJZn eta Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Berezian.
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
  • Zizurkilgo Udalarekin inolako zorrik ez izatea.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarrita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!