Lihoaren prozesua erakusten, San Telmo museoan

2016ko udazkenean landu zuten Larraulen lihoaren prozesu osoa, hazia ereitetik oihala ehuntzeraino. San Telmo museoan erakutsi dute bide hori, Pazko astean.

Ehunak ehun lan’ izenburupean, erakustaldi bereziak eskaini zituzten Donostiako San Telmo museoan Pazko Astean zehar. Larraulgo Dina-7 elkarteko kideek, eta Estanis Urdanpileta adituak gidatu dituzte saio horiek. Horrez gain, apirilaren 4tik 8ra, bertan izan dira larrauldarrak goiz eta arratsaldez, interesa agertu duten guztiei erantzuteko prest.

2016an abiatu zuten larrauldarrek lihoaren inguruko prozesua. Dina-7ko kide diren Pili Otaegi eta Koldo Jauregi elkartu, eta gai horren inguruko lanketa egiteko ekimena jarri zuten martxan. Pilik azaldu duenez, “nik orduan liho-landarea ezagutzen nuen, horixe besterik ez. Koldok herriko liho-putzu baten gutxi-gorako kokapena ere ezagutzen zuen, baina ezer gutxi gehiago. Gaiari heldu eta lihoaren prozesu osoaren inguruko lanketa egiteko erronkari eustea erabaki genuen”.
 

Lihoaren garrantzia

Indar handia izan zuen lihoak Euskal Herrian. XV eta XVIII. mendeen artean bereziki, zergetan ordainketa egiteko erabiltzen zuten jeneroetako bat zen, eta testamentuetan dohaintzan uzten zen, ondare gisa. Emakumeentzat garrantzia berezia izan zuen gainera. Izan ere, “emakumeentzat gordetako lana zen lihoa ehun bihurtzeko prozesua. Horrek diru-iturria ekarri zien. Alargun edo ezkongabeen kasuan, berebiziko garrantzia izan zuen lihoak, aurrera egiteko aukera suposatu zuelako haietako askorentzat”, azaldu du Pilik. XX. mende hasieran hasi zen lihoaren gainbeherarik handiena, beste zenbait ehun merkatura sartu zirenean eta, egun, ia erabat ezezaguna da askorentzat. Soroetan, nolanahi ere, aurki daitezke bere kasara etorritako liho-landareak, antzina bertan erein izan zenaren lekuko.

Gustura hartu dute larrauldarrek San Telmo Museoaren gonbidapena. 2016an Larraulen egindako linu-putzuaren berreskuraketa ekitaldiak eta lihoaren prozesuaren inguruan egindako lanketak jarri zuten bidea. “Ekitaldi hura gustatu, eta San Telmora ekartzeko modukoa zela iritzi zioten. Gustura onartu dugu gonbidapena, noski. Museoko erakusketa iraunkorrean antzinako ehungailua jarriko dute eta, horren harira iritsi da gonbidapena”, azaldu du Koldo Jauregik.

{{IMG-40491}}

Berrogei pieza

‘Ehunak ehun lan’ izenburua jarri diote erakusketari, eta ez alferrik. Liho-landarea ehun edo oihal bihurtu arte, hainbat pauso eman behar izaten baitzuten. “Baserriko lanak amaitu ondoren, gauez egiten ziren lan horietako asko, auzolanean”. San Telmo Museoko klaustroan egin dituzte erakustaldiak. Bertan zituzten lihoa lantzeko prozesuan beharrezkoak ziren tresna ezberdinak, berrogei pieza guztira. “Estanis Urdanpileta oiartzuarrak du lihoaren inguruko tresna bildumarik handiena eta harenak dira ikusgai daudenak”, azaldu du Pilik.

Pausoz pauso, liho landarea hazi txikia den momentutik hasita, prozesu osoa azaldu zuten erakustaldi bakoitzean. Pazko Asterako haurrentzako tailer ezberdinak prestatu zituen San Telmo Museoak eta tailer horietako parte-hartzaile gaztetxoek ere izan zuten lihoaren prozesua gertutik ezagutzeko aukera. Adi-adi jarraitu zituzten azalpenak.

{{IMG-40492}}

Ezkontzarako arreoa

Bitxikeria asko biltzen ditu lihoaren tradizioak. Pili Otaegi larrauldarrak azaldu zuenez, garai batean, etxeko alabei soro zatitxo bat uzten zion familiak hamaika urte betetzen zituztenean. “Adin horretan hasten ziren lihoa lantzen, ezkontzen zirenerako arreoa prest edukitzeko. Euren lihoa erein, bildu, landu eta haria egiten zutenean, ehundagira eramaten zuten hari hori oihal bihurtzeko. Izan ere, ehungailuak ez ziren etxe guztietan egoten. Neskatxotatik landutako oihal horiekin egiten zituzten senargaiarentzako ezkontza-atorra, oherako arropa, festarako blusak, esku-oihalak, eta abar”. Emakume bakoitzak ehuntzera eramaten zuen liho-haria pisatu egiten zuten eta,  ehuntzeko lana amaitutakoan, berriz ere pisatzen zuten, eramandako guztia ehundu zela ziurtatzeko.

 

Bidelagunak

Lihoaren inguruko prozesua ezagutzeko bidean, jende askorekin harremanetan izan dira Larraulgo Dina-7 elkarteko kideak. “Estanis Urdanpileta oiartzuarrak eta bere familiak, esaterako, ezagutza handia du. Horrez gain, Ainara Hernandez, Arantxa Diez, Miren Torrealday, edota Olga Uribe ere ezagutu ditugu. Haria egiten aritzen dira lehen hiruak, ehungailuarekin Olga. San Telmo Museoko erakustaldietan, haien langintza bertatik bertara ikusteko aukera eskaini zuten. Ezinezkoa da egun honetatik bizitzea, baina zaletasunez aritzen dira lihoarekin lan egiten”. Liburuak irakurriz osatu dute lihoaren inguruan duten jakintza zabala.

Erakustaldi gidatuen ordutegitik kanpo, museoko bisitari guztiek ikusi ahal izan zituzten lihoaren inguruko tresnak. Dina-7 elkarteko kideak bertan izan ziren gerturatu ziren guztiei azalpenak eman eta galderak erantzuteko prest.

 

Kondairak

Lihoaren inguruko kondaira ezberdinak ere azaldu zituen Pili Otaegik. “Esaterako, emakumeak sukaldean haria sortzen ari ziren bitartean, mutil koadrila zain egon ohi zen baserriaren kanpoaldean, festa egiteko. Emakumeak, ordea, ez ziren ateratzen sukaldeko lurra erabat garbi geratu arte. Etxeko amonak izaten zuen ardura hori. Arrastoren bat geratuz gero, tximiniako zulotik sorginak etortzen zirela sinesten zuten, eta ez zirela joaten harik eta iruteko lanak amaitu arte”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!