“Festa herrikoiak direnez, giro ona sortzen da”

Jaiak gozatzeko dira Leire Amonarrizentzat, modu askotara goza daiteke gainera: Herri kiroletan parte hartuz, txosnan lanean, haurrekin jolasean...

[Egitaraua]  Elkarrizketa:

Antzina, San Bartolome festak ospatzen zituzten Larraulen, baina baserriko lanetarako data hobeak zirelako, Sanestebanetara aurreratu zituzten. Orain biak ospatzen dituzte; Sanbartolomeak eta Sanestebanak.

Sanestebanetarako bi aste eskas geratzen dira…

Herriko festak kanpokoak baino bereziagoak izaten dira eta noiz iritsiko zain nago.

Zein berezitasun dute Larraulgo festek?

Festa herrikoiak dira. Normalean ikusten ez garen herritarrak elkartzen gara eta oso giro ona sortzen da. 

Txupinazoa eta Pello Joxeperen jaitsiera batera datoz…

Urteroko ohitura da hori. Elizako kanpandorretik Urbeltz plazaraino jaisten da Pello Joxepe. Panpina jaitsitakoan, Gurdi Soinu txarangak beraiek asmatu eta birziklatutako tresnekin girotzen dute plaza ingurua. 

Egitarauko berrikuntzaren bat aipatuko?

Iaz lehenengoz, akanpada egin zen lehen gauean eta aurten berriz egingo da. Kanping dendak muntatu eta nahi duenak bertan lo egiteko aukera izango du. Gainerakoan, DYAren eskutik, auto istripu baten erreskate simulakroa egingo da aurten. Tolosako DYAn bolondres lanetan aritzen naiz eta agian guri egokituko zaigu bertan aritzea. 

Giro paregabea, herritarren arteko herri kirol saioan!

Kixkiarekin sagarra biltzen hartuko dut parte. Garai horretan sagarra heldu gabea egoten da oraindik eta lan zaila izaten da, baina oso giro ona sortzen da eta gustura ibiltzen gara. Herriko gazte taldea, helduen kontra aritzen gara eta azken bi urteotan gazteok irabazi dugu. Froga ugari izaten da: trontza, pirikarioa, lokots-bilketa, korrika, trizikloa, txinga, zaku karrera, aizkora… Lehia sanoa dugu gure artean.

Bertso saioak tradizio handia du Larraulen…

Jende asko etortzen da, bertsolariak ere onak izaten baitira. Bertso saioaren ondoren, trikitixa izaten da eta bertsozaleez gain, erromeria giroan ibiltzen den dantzari asko etortzen da. Bertso saioa amaitzen denean, dantzarako aukera izaten dute.

Herri kiroletan ez ezik, zein beste ekintzatan hartuko duzu parte?

Herriko gazteok mozorrotuta, altxorraren bila jokoa prestatzen dugu haurrentzat. Ederki pasatzen dugu. Horrez gain, hamaiketakoa zerbitzatzen ere aritzen naiz eta plazako txoznan ere txanda egiten dut, egokitzen zaidanean. 

Eguneko ala gaueko giroa nabarmenduko zenuke Larraulen?

Bietakoa. Egunez giro polita izaten da, baina baita gauez ere. Giro handirik ez bada, gure artean jartzen dugu. Besteak beste, herri afaria izaten da plazan ostiralean. Igandean, sagardo dastaketaren ondoren, herritarrek prestatutako paella-jatea. 

Baina girorik onena, larunbateko barrikotean sortzen da. Norberak jana etxetik ekartzen du eta nahi duenarentzat, kupela jartzen da plazan. Goizaldean baratxuri zopa banatzen da parrandan dabiltzanen artean.

Sanestebanak bukatu eta gero, Sanbartolomeak…

Egun pasa polita izaten da Sanbartolometakoa; lasaiagoa. Herritarren artean hamaiketakoa banatu, pilota partidak ikusi eta erromerira joaten gara gero.

Herritarrei mezurik?

Orain artean bezala, ekintzatan parte hartzen jarraitzeko; giro ona sortzen baita guztion artean.

Eta eskualdeko herritarrei?

Etortzeko, gustura ibiliko direla.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!