Txapelik gabe amaitu da Irazuren txapelketa bikaina

Aitor Sarriegi beasaindarra, Gipuzkoako txapelduna
Gpuntuaren trenari atseden hartzeko garaia iritsi zaio. Zortzi hilabete triki-traka, Gipuzkoa osoan barna ibili ostean, iritsi da helmugara. Donostiako Illunbeko azken geltokia izan zen orain arteko jendetsuena, 9.200 pertsonak bete zuten zezen plaza, egun batez bertso plaza bihurtua. Zortzi makinistek gidatu zuten trena, zozketak agindutako ordena honetan: Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Agin Rezola eta Jon Martin. Finalek ohikoa duten emozioa eta sentimenduak bor-borka izan ziren Illunben ere, baina saio gorabeheratsua izan zen, duela lau urtekoa baino distira gutxixeago izan zuena:

Hasiera hotza

Final ostean, bertsolariek aitortu zuten hotza pasa zutela tabladuan, haize korronte baten erdian ziren, nonbait. Eta hotz horrek eraginda edo, sei puntuko motzeko lehen ariketak hotzetik joan ziren. Bi nabarmendu ziren besteen gainetik, Aitor Sarriegi eta Alaia Martinek egindakoa eta Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendirena. Eskualdeko bertsolaria eta bere kidea hanka ortopedikodun korrikalarien paperean jarri zituen gaiak, Gaztelumendik hanka ezkutatu egiten du korrika egiterakoan, Irazuk ez. Hauxe larrauldarraren lehen bertsoa:

Behin jarri eta finkoa

hanka laguna, tinkoa

nere ondoan lotsati zaude

kezka handikoa,

azaltzea begikoa,

baita nere neurrikoa

kontzientzia ez dedalako

ortopedikoa.

 

Puntu erantzunetan denetik entzuteko aukera izan genuen, Apalategi, Irazu eta Alaia Martinenak nabarmendu ziren guztien gainetik. Hauxe Irazuren bigarren puntu erantzuna:

Bateko twiterra ta

besteko Facebook-a

ni bi hoietan nabil

dexente galduta

nik bertsoa.com

nahi nuen apunta

gainontzeko gehienak

zentzurik ez du ta.

 

Zortzikoetan, ahulen                                         

Saioa gora egiten hasi zen unea, zortziko handikoa, izan zen Irazuren ariketa ahulena. Jon Martinekin batera, banku lapurreta bat ikusi duten lekukoen paperean aritu ziren. Hasieran Irazu umoretik jotzen saiatu zen, baina Jon Martinek ez zion jarraitu.  Azkenean hirugarren bertsoan ordura arteko norabidean itzulia eman zuen larrauldarrak:

Mundua hola antolatuta

hankaz goraka jartzea

nahiko dute gobernuari

erregu bat eskatzea.

Ofizina horrek bazun garaia

hau nahi nuke kantatzea

guri egunero eiten diguna

berak noizbait probatzea.

 

Zortziko txikikoan berriz, oro har, guztiek kolpe politak utzi zizkiguten. Sarriegi eta Unai Agirre maisu aritu ziren. Irazuk, Agin Rezolarekin batera abestu zuen, eta erabat asmatu ez bazuten ere, umore printza ederrak utzi zituzten. Pisua erdibana erosi duten lagunen paperean jarri zituen gaiak. Irazuk, maleta bat nahikoa izan du bere gauzak eramateko, Rezolak berriz furgoneta batean ekarri ditu gauzak. Astigarragakoak umore printzaz Irazuri okupa garaiak joan zirela esan ostean, hauxe larrauldarraren erantzuna:

Baskula eta guzti

heldu zara aizu

makilaje eta dena,

disfrazatzen maisu

furgoneta kargatzen

izan zera, gai zu,

aitona ta amona

ahaztu zaizkizu!

 

Bakarka, maisu

Zortziek egin beharreko azken ariketa barkakakoa zen, bakoitzari gai ezberdin bat jarrita. Gpuntuko aurreko saioetan bezala, ariketa honetan maisu aritu zen eskualdekoa. Lan osoa josi zuen Irazuk, hiru ideia ezberdinekin istorio sinesgarria osatuz. Gaiak honela zioen: Ume bat izan duzu harreran bost urtez. Orain, hura adoptatzeko aukera eskaini dizute. Hauek oso-osorik, larrauldarraren hiru bertsoak:

Lehenik harreran hartzeko

eskaera jaso nuen

nere zalantzak barruan

agertuak ziren, zeren

holako ardura bati

erantzutea gaitz omen,

baino hala ere oso

konbentzituta nengoen.

Denbora pasatu da ta

gauzak hobera nabarmen

adopzioari baietz

esango ez diot ba, hemen!

Bost urteko haurdunaldi

zoragarrian ondoren.

 

Problematikoa omen

berak gainean krisia

baina elkar ulertzea

zu ta bion auzia

egingo ditut papelak

ta emango det jauzia

zure etorkizunari

jarri nahi diot hazia

nondik zatozen ez dakit

zertarako ikusia

ez zintudan ez nik sortu

ez nizun eman bizia

baina bai agintzen dizut

nere maitasun guztia.

 

Hamabi urte dauzkazu

ai nere Jokin maitea!

biok batera bost urte

eta hau errematea,

gure artean sortu dan

lazoa hau ez da katea

enuke nahiko zuretzat

gertatu dedin kaltea

horregatik pentsatu det

baiezkoa ematea

gerta liteke zuretzat

inoiz karga izatea

hargatik nahi duzunean

zabalik dezu atea!

 

Bakarka azpimarratzekoak izan ziren Sarriegi, Jon Martin eta Beñat Gaztelumendiren lanak ere. Azkenean iritsi zen buruz burukorako ordua, Sarriegi ia kiniela guztietan agertzen zen, baina bigarren nor? Irazuren izena beste batzuen artean aipatzen bazen ere, Beñat Gaztelumendi izan zen hautatua.

 

Buruz burukoa, bikaina

Zalantzarik gabe, atzoko finaleko onena Gaztelumendi eta Sarriegiren arteko buruz burukoa izan zen. Hor jo zuen goia saioak. Hasieran 10eko txikian aritu ziren, Ameriketatik itzulitako bi euskaldunen paperean. Gaztelumendi damutua dago itzuli izanaz, Sarriegi ez. Gaztelumendi hobeto aritu zen ariketa honetan. Sarriegik azken arnasa Euskal Herrian eman nahi zuela esan ostean, añorgarrak eman zion erantzuna hauxe:

Ta hori esanda ondo

gelditu zera, ño,

nik ez det ezagunik

guztia da laino

zerbait espero eta

zenbat desengaino

artzai izan asmotan

joan ginen haraino

ta hemez ez gera bi

ardi galdu baino.

 

Ondoren umorerako tartea iritsi zen, puntuka gai librean egin behar izan baitzuten. Ariketa hau lehen aldiz jarri zuten txapelketan eta Illunben behintzat emaitza bikaina eman zuen. Euren buruari eta ingurukoei barre egiteko erabili zuten aukera bi bertsolariek.  Sarriegi hasita biek osatu zuten bertso hau adibide:

Oholtza hontan bada

nahiko egikizun

nik ere gauza bera

kontatu nahi nizun

lehen ere Aitor batek

irabazi zizun

ez dakit gauza bera

gertatuko zaizun.

 

Kartzela bideoz

Kartzelako lana iritsi zen azkenik. Lehenik bederatzi puntuko bertso bat osatu behar izan zuten, hitza emanda. "Muxua" izan zen hitza. Biak aritu ziren ondo, baina Sarriegirena izan zen txalotuena:

Izan liteke lehen

neskari emana

edo noizbat hondatu

zuena plana

muxuak lotu ohi du

sarri harremana

bere atzetik dator

fereka, laztana

barruak esana,

kanpora dama,

hautatzea bana

balitz gaurko lana

atzo gauean amak

eman zidana.

 

Hitzaren ostean, ikus-entzunezko gai bati hiruna bertso abestu zizkioten Beasaingoak eta Añorgakoak. Gaia bideo bidez lehen aldiz jarri zen txapelketan. Gizonezkoa bat ageri zen irudietan, etxera sartu, telebista piztu eta ETAk armak utzi zituela iragarri zuen albistea entzutean. Beñat Gaztelumendik hobetu baliatu zituen bideoko elementuak, baina txalo gehien oraingoan ere Sarriegik eskuratu zuen gaiari zuzenean heldu eta mezu zuzenak utzi baitzituen. Horren adibide lehen bertsoa:

Euskal Herriko gatazka

luzea eta goibela

baldintzak begiratuta

ezin zen izan bestela

ETAk esan zuen ia

hau zela bere eskela

eta batzuk uste zuten

besterik gabe horrela.

konpondu beharrekoak

ia konpondu zirela.

Jakin jaio nintzenetik

ETA beti izan dela

eta momentu horretan

hala sentitu nintzela

nire bizitza zati bat

bukatu balitz bezela.

 

Bigarren bertsoan gatazka oraindik ez dela amaitu esan ostean, hirugarrenean honela errematatu zuen Sarriegik:

Justiziazko bakean

bakarra dela baldintza

errespeta dezatela

euskal herritarron hitza.

 

Txapela Sarriegirentzat

Buruz burukoan Gaztelumendi gehiago izan zen arren, arratsalde osoko lanean Sarriegi nagusi izan zen ustea zabaldua zen bertsozaleen artean. Eta azken emaitza ez zen ezustea izan, beasaindarrak jantzi zuen 2011ko Gipuzkoako txapela. Hauxe emaitza: Aitor Sarriegik 1050,5 puntu, Beñat Gaztelumendik 1045,5, Alaia Martin izan zen hirugarren 594rekin, Iñaki Apalategik 590 erdietsi zituen, Agin Rezolak 588,5, Irazuk 578, Jon Martinek 577, 5 eta Unai Agirre izan zen zortzigarren 570ekin.

Mikel Mendizabal bertsolari eta bertso maisuari eskaini zion txapela Sarriegik, zutik txalo egiten ari ziren milaka lagunen aurrean. Zalantzarik gabe, finalean erregularrena izateak eman dio txapela. Gaztelumendi berriz, bigarren aldiz jarraiaz azpitxapeldun geratu da, baina berak ondorengo prentsaurrekoan esan bezala, hori bera ohorea handia da. Eskualdeko bertsolariari dagokionez, txapelketa bikaina txapelarekin borobildu ezin izan arren, lehiarekin adiskidetzeko balio izan dio aurtengoak Jexux Mari Irazuri. Eta azken agurrean larrauldarrak berak esan bezala, ekin eta ekin jarraituko du aurrerantzean ere, guztion gozagarri. Orain ohiko plazen garaia heldu da. Gpuntua 2011 historia da jada. 

Igotz Alkorta
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!