Ikasturte hasierako festa Eskola Txikien festa antolatuko duen Larraulgo eskolan

Urtero, ikasturte hasieran festa antolatzen du Larraulgo Guraso Elkarteak eskolan lehenengoz hasi diren ikasleei ongi-etorria emateko. Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, urriaren 22an egin zen IV. festan, zazpi ikasle berrik jarri zuten eskolako eskulturan euren izena daraman koloretako pieza. Guztira 24 ikasle daude ikasturte honetan Larraulgo hiru gelatan (Asteasuko Pello Errota ikastetxearen barne), 2 urtetik 7ra artekoak. Festan Udalak, Pello Errotako zuzendaritzak, Larraulen ai diren irakasleek, gurasoek eta umeek hartu zuten parte.
Xabier Mujika Larraulgo alkateak esan zuen "Aurten Eskola Txikien festa antolatuko du Larraulek, eta Udalak bat egiten du festa horrekin. Animo eta aurrera!". Ondoren, Aitor Atxega Pello Errotako ikastetxeko zuzendariak hartu zuen hitza: "Administrazioaren erabakiz, Larraulgo gelak Pello Errotaren barne daude, eta bertako hezkuntza proiektua lantzeko aurten Larraulgo batzordea sortu dugu, geletako guraso ordezkariekin, irakasleen ordezkari batekin, Udalarekin eta zuzendaritzarekin. Festarako ere gure laguntza osoa duzue".

Ekitaldi xumearen ondoren bazkaria egin zuten Herri Ostatuan, eta arratsaldean ipuin kontaketa saioa izan zen Kultur Gunean. Eguna festa giroan bukatu zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!