Alkateari galdezka

Xabier Mujika Larraulgo alkateak azken lau urteotako agintaldiaren balorazioa egin du.
Agintaldia amaitzen ari da. Lau urteak azkar pasa al dira?
Azkar? Ez. Piska bat luzea egin da, uste nuena baino luzeagoa. Tira, pasa dira eta...

Zergatik diozu hori, astuna izan delako?
Gai asko dagoelako herrian eta hemen udaletxetik aparte denok ere lan egiten dugu. Gai asko landu behar izan ditugu agintaldi honetan: Plan Orokorrarekin hasi gara, Haur eta Lehen Hezkuntza zerbitzua lortu dugu Larraulen... Horrez gain, obra ezberdinak bideratu ditugu eta udaletxean beste hamaika gai izan dira. Agintaldia astuna izan da, egia esan.

Ikasgai ona al da udaletxetik igarotzea?
Bai, esperientzia bezala oso ondo etorri zait. Gauza asko ikasi dut, alor ezberdinetan.

Eta batzurekin gozatu eta besteekin sufritzea tokatu zaizu, ezta?
Zerbitzu bat lortu nahi denean eta hori martxan jartzen denean poz handia sentitzen da. Uraren kanalizazioarekin, adibidez, arazoak genituen. Behin laguntza lortuta, azpiegiturak aldatzeari ekin diogu. Horretan gabiltza, eta hori bideratzen ari dela ikustea pozgarria da.
Larraulera igotzeko bidea ere estua zen eta, Aldundiarekin hitz egin eta gero, bidea zabaltzea lortu genuen. Horrelakoetan poza sentitzen da, bai.

Hasieran esan duzunez, Plan Orokor berria egiten ari zarete.
Lehen pausuak eman ditugu. Enpresa bat kontratatu dugu diagnostikoa egiteko. Agintaldia amaitzen ari da eta planari dagokionez ez dugu denbora honetan aurrerapausurik emango. Guk erabaki horiek hartu baino gehiago, hobe da datozenei aukera hori ematea. Izan ere, hurrengo agintaldiko kideei tokatuko zaie Plan Orokorraren azken erabakiak hartzea.

Plan horren etorkizuneko egitasmo zehatzak aurreratu al ditzakezu?
Besteak beste, herri barruko trafikoa bideratu nahiko genuke herrigunetik kentzeko. Aparkalekuak beharko lirateke eta baita etxebizitzak berriak Larraulgo gazteak bertan gera daitezen.
Etxebizitza moetaren inguruko azterketa fasean gaude, herrian daudenak baserriak edota etxeak direlako. Pisuak eraikitzea aztertzen ari gara, azpian lokalak izango dituztenak. Modu horretara merkatalguneak edota bulegoak jartzeko aukera eskainiko genuke. Gaur egun ez baitago horretarako aukerarik.
Kulturgunea, bestalde, gainezka dago eskolarekin. Eraikin berrietan balio anitzeko gelak egokitzea ere aztertzen ari gara.

Martxoaren 27an herri bilera deitu duzue, Udal hauteskundeei begira. Zer espero duzu?
Ohitura da Larraulen herri bilera egitea Udal hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko. Larraul 250 biztanletik beherako herria izan da historikoki, baina aurten aldaketa izan dugu. Mahai elektoralak 2010eko urtarrileko errolda orokorra kontutan hartu du, eta datu horren arabera Larraulen 253 biztanle daude.
Aldaketa handia ekarriko du horrek. Batetik zinegotzi kopuruan, 5 zinegotzi beharrean 7 zinegotzi izango baititu Larraulgo Udalak.
Bestetik, alkategaia aukeratzeko moduan. Hauteskunde egunean ez da hautagaien artean alkatea aukeratuko, baizik eta herritarrek zerrenda osoari botua eman beharko diote Adunan edota Alkizan gertatzen den bezalaxe.
Martxoaren 27an horren inguruan hitz egingo dugu herritarrekin, eta ikusi beharko da zein formularen alde egiten dugun alkatearen eta zinegotzien aukeraketa egiteko.

Herri handien hauteskunde prozedura berbera biziko duzue, beraz.
Hasteko, kosta egingo zaigu lanean aritzeko zazpi lagun bilatzea. Gure ustean ona litzateke alkategaia aukeratzeko azken urteetako joerari eustea.

Eta zuk zerorrek zer egiteko asmoa duzu?
Plan Orokorra martxan jarri dugu eta bereziki horregatik aurreko agintaldiko kide batzuk jarraitzea komenigarria dela deritzogu. Jarraitzeko asmoa daukat, alkatetzan edo zinegotzi modura. Herritarren borondatea hori bada, noski.

Larrauldarrak hilaren 27ko bilerara aurkeztea garrantzitsua izango da, orduan.
Herritarrak gonbidatu nahi ditugu bilerara, ea zazpi lagun biltzen ditugun herriaren alde lan egiteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!