Kantuan eta kopletan, hilean behin

Hileko hirugarren ostegunetan, Herri Ostatuan afaldu eta kantuan aritzeko biltzen dira Larraulen. Elkarrekin ondo pasa eta kantuaz gozatzea da helburu nagusia.
Aitor Atxega eta Estitxu Eizagirre kanturako biltzen diren taldeko kide dira: “Duela urtebete inguru hasi ginen lehendabiziko afariak egiten. Herrian kanturako zaletasuna bazegoela ikusita, zerbait antolatzeko asmoa sortu zitzaigun. Hasieran, astean behin biltzea aipatu genuen, baina hori lotura handi samarra izan zitekeela eta, hilean behineko maiztasuna finkatu genuen”, azaldu dute.
“Eguberrietan, Santa Ageda bezperan, festetan…, kantu errondak egiten genituen lehen ere, eta kopletan aritzeko ohitura ere bazegoen. Gure ingurukoen artean kantu afarien berri zabaldu genuen, ahoz aho, eta horrelaxe hasi ginen. Afalondoren kantuan aritzen gara eta suertatzen denean, kopletan ere bai”, aipatu du Aitorrek.

Abesbatza izateko asmorik gabe
Ondo pasatzea da kantu afarien helburu nagusia: “Argi dago ez garela abesbatza bat eta gure asmoa ez dela jendaurrean kantuan aritzea. Kantatzea gustatu egiten zaigu eta bakoitza bere mailan, horretan aritzen gara. Batzuek oso ondo abesten dute eta beste batzuk ez horren ondo, baina bakoitzak ahal duena egiten du. Bertsotan aritzen garenean ere horixe bera gertatzen da. Bakoitzak bere mailan botatzen ditu koplak, ondo pasatzea da helburua eta hori lortzen dugu”, gaineratu du Estitxuk.
Hileko hirugarren ostegunetan biltzen dira, Herri Ostatuan. Aitorrena da kanturako abestien zerrenda prestatzeko ardura: “Kantu afaria hurbiltzen doan heinean, etortzeko asmoa dutenek euren proposamenak bidaltzen dizkidate. Jasotakoak nire proposamenei batu eta kantuak inprimatu egiten ditut, afalostean abesteko. Denetarik abesten dugu; euskal kantu zaharrak, berriagoak, oso ezagunak, ezezagunagoak…”. “Bakoitzak bere gustuko abestiak proposatzen ditu eta hori oso aberasgarria da guztiontzat. Esaterako, norbaitentzat oso berezia den abestia, etxean oso maiz entzun eta sentimenduak piztu arazten dizkiona, beste batentzat ezezaguna izan daiteke. Ikasteko aukera ematen du”, gaineratu du Estitxuk.
“Beti saiatzen naiz gure memorian galdu samarrak dauden abestiak sartzen: Baldorba, Bizkaia Maite, Xalbadorren heriotzean eta antzekoak abesten ditugu, baina baita ahaztuagoak ditugun euskal kantuak ere”, azaldu du Aitorrek.

Kitarra lagun hartuta
Bi kitarren laguntzaz aritzen dira kantuan larrauldarrak: “Kitarrak asko laguntzen du kanturako eta beti ekartzen ditugu. Beste edozein musika tresna ere ongi etorria izaten da. Noizbait gerturatu izan da jendea biolinak, perkusio kaxa eta bestelakoak hartuta. Oso bilera irekiak dira. Taldearen muina hamar bat pertsonak osatzen dugu, baina askoz ere jende gehiago bildu izan gara. Abesteko eta ondo pasatzeko gogoa duen edonor gonbidatuta dago”. “Gerturatzen den jendea oso gustura ateratzen da. Afaltzeko garaian bertan hasten da giro ona pizten eta ondoren, oso gustura aritzen gara kantuan eta kopletan”, gaineratu du Estitxuk.


IZENA EMATEKO: atxega@teleline.es

Kantu afariak guztiz irekiak dira. Hileko hirugarren ostegunetan biltzen dira eta bertaratu nahi duenak, Aitor Atxegarekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar. Hona horretarako mail helbidea: atxega@teleline.es. “Herri Ostatuan afaltzen dugu, eta egun batzuk lehenago esan behar zaie zenbat izango garen. Horregatik, gerturatzeko asmoa dutenek aurrez guri abisua ematea eskertuko genuke. Herri Ostatuko kideek, afari goxoa prestatzen digute, eta prezioz oso modu onean gainera”, aipatu du Aitorrek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!