Ixiar Eizagirrek bertsoa du pasio eta ofizio

Bertsozale elkarteko transmisio sailean egiten du lan Larraulgo Ixiar Eizagirrek. Ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko behar duten materiala sortzen ari da, besteak beste.

Bertsozale elkartean ari zara lanean. Zer nolako egitura du elkarteak?

Bertsozale elkartea oso elkarte handia da. 2300 bazkide ditu eta 80 langilez osatutako lantalde profesionala. Horrez gain, ehunka eta ehunka dira urtean zehar bolondres gisa hainbat ekitaldi antolatzen aritzen diren pertsonak. Herrialde bakoitzean elkarte bat dago; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroa. Horiez gain, Euskal Herriko Bertsozale elkartea ere badugu noski. Villabonako Mintzolan du egoitza, eta bertan aritzen naiz lanean.

Zein da zure lana Bertsozale Elkartearen barruan?

Transmisioan edo hezkuntzan aritzen naiz, batik bat. 50 irakaslez osatutako taldea ari da bertsolaritza lantzen, eskolaz eskola. Irakasle horiek herrialde bakoitzean badute euren mintegia. Euskal Herriko Bertsozale elkartetik, proiektu osoa koordinatzen dugu, eta hori da nire egiteko nagusia. Azken urteotan, materialgintzan ari naiz bereziki, irakasle talde horrekin batera.

Nola gauzatzen da ikastetxeetan bertsolaritza eskaintzeko proiektua?

1985an jarri zuten martxan ekimena, ibilbide luzea du beraz. Herrialde guztietako ikastetxeei eskaintzen zaie parte hartzeko aukera. Gure proiektuaren bitartez, bertsolaritza eskolak jasotzen dituzte ikasleek, eskola orduen barruan. Egun, 500 ikastetxetan ari gara bertsolaritza eskola horiek ematen eta guztira, 26.000 ikasle ditugu. Ikastetxe bakoitzak erabakitzen du zein adinetako haurrei eskaini. Eskola txikien kasuan, adin aniztasunean aritzen dira, beste askok, LH 4, 5 eta 6. mailetarako eskatzen dute, eta zenbait kasutan DBH 1 eko ikasleekin ere landu nahi izaten dute. Eskakizun guztietara moldatzen gara. Sare publikoko ikastetxeak, ikastolak, kristau eskolak…, tamaina eta errealitate ezberdinetako ikastetxeetara joaten gara bertsolaritza eskolak ematera.

Zein da helburu nagusia?

Euskal Herriko ume guztiek jakin dezatela bertsolaritza badela. Kultur adierazpide gisa, altxor handia dugu Euskal Herrian. Kantu inprobisatua munduko txoko askotan egiten da eta hizkuntza askotan, baina toki gutxitan du hemen duen indarra. Asmatu egin dugu tradiziotik datorren kultur jardun horri gaurkotasuna ematen. Adin guztietara iristen den jarduera da. Hori hemen badagoela jakinarazi behar zaie umeei.  Bertsoarekiko zaletasuna sortzea ere bada gure helburua, eta baita bertsoaren oinarrizko elementuak zeintzuk diren ezagutaraztea ere. Errealitate soziolinguistiko oso ezberdinak dituzten herrietan egiten dugu lan hori, gainera. Xiberuko ume batek dituen kultur erreferentziak, arabar batek dituenak, edo Irun, Barakaldo, Trintxerpen bizi direnenak, ez dute zerikusirik Goierrin bizi direnekin, esaterako. Hori oso polita da. Oso errealitate ezberdinetan ari gara lanean eta horrek lan handia ematen digu, baita aberastasuna ere.

Ekimen gehiago ere badituzue transmisioari dagokionez…

Bai, ikastetxeetako ekimena oso garrantzitsua da, eta ziklo baten barruan ulertzen dugu. Eremu gehiago ere indartu behar ditugu. Ikastetxean bertsoarekiko zaletasuna sortu zaion horrek, bertso-eskolatan zaletasun hori lantzeko aukera izango du. 105 herritan daude bertso eskolak eta horietako askok funtzionamentu autonomoa dute zorionez. Herri ekimenetik sortutakoak izaten dira, ilusioz eta gogoz lanean ari direnak. Haurrei zuzendutakoak dira batzuk, helduentzat beste hainbat. Bertso saioak antolatzen dituzte bertso-eskola horietako askok. Beraz, garrantzia handiakoak dira bertso-eskola horiek.

Aisialdiko ekintzak ere baditugu. Bertsoaren inguruan dabiltzan ume, gazte eta heldu horiei harreman sarea eskaintzea da helburua. Elkar ezagutu dezaten, eta bertsoaren alderik ludikoena ezagutu dezaten. Bertso udalekuak ditugu, esaterako. Duela 20 urte sortu ziren, eta 250 umek hartzen du parte. 50 begirale gazte ere aritzen dira haiekin. Umeak are eta gehiago motibatzea eta zaletzea da ekimen hauen helburua. Eskolarteko bertso txapelketa ere antolatzen da, bertso eskoletan ari diren horiei bapatean aritzeko aukera eskaintzeko.

Bertsozale elkarteak sail gehiago ere baditu, kontaiguzu…

Elkarte handia da bai, eta arlo ezberdin asko jorratzen dira hemen. Batetik, ikerketa eta dokumentazio saila dago, garrantzia handikoa. Bestetik, txapelketa, saio eta abar antolatzen ari den sustapen saila. Komunikazioa lantzen eta hedabidetan aritzen da beste sail bat. Hitzetik Hortzera programa, Bertsoa.eus webgunea… hori guztia kudeatzeaz arduratzen dira.

Materialgintzan aritzen zarela aipatu duzu. Nondik elikatzen zarete?

Eskolaz eskola dabiltzan 50 irakasle horietako gehienak bertsolariak ere badira, eta puntakoak batzuk. Beraiekin batera sortzen dugu materiala. Gelaz gela dabiltzanean gertutik bizitzen dute zeintzuk diren haurren artean pil-pilean dabiltzan gaiak eta haiek jakiten dute inork baino hobeto nola iritsi gaztetxo horiengana. Haiek proposatzen dizkigute, esaterako, jolasak edo bertso sortak. Horrez gain, bertsoa.euserako edo Hitzetik Hortzera programarako egiten diren grabaketa horietatik, bilketa egiten dugu. Ez da beti erraza izaten bapateko saio batean umeentzat egokiak diren bertsoaldiak aurkitzea. Gai eta mezu egokiak dituztenak aukeratzen saiatzen gara. Horrez gain, ikastetxeetan erabiltzeko doinutegia ere sortzen ari gara Oskar Estangarekin. Lantalde osoak egiten duen lana koordinatzen dugu beraz, materiala sortzen joateko.

Aurten, gainera, bertsoikasgela.eus webgunea ere sortu dugu. Zaletzen ari diren umeek etxetik jarrai ditzakete eurei zuzendutako bertso sortak, eta horrez gain, pasahitza jarriz gero, beste hainbat material izaten dute eskura ikastetxeetako proiektuan parte hartzen ari diren zentruek.

Zer nolako erantzuna izan du bertsoikasgela.eus webguneak?

Oso gustura gaude. Irakasleek oso gustura hartu dute, ikasleekin lantzeko baliabide asko jartzen duelako haien eskura. 100 doinu ezberdin biltzen dituen doinutegia dago, bat-bateko ehunka bertso gaika antolatuta, bertso saioak…, Gaika egin daiteke lanketa, edo modu libreagoan, baina aukera zabala ematen du.

Jende asko biltzen da bertsoaren inguruan. Kudeaketa lana ez da erraza izango…

Bai, herri askotan dago bertsozale taldea. Bailarari dagokionez, Harituz taldea lan handia egiten ari da, indartsu dabiltza. Bertsoaren inguruan dagoen mugimendu hori guztia kontrolatzea ezinezkoa da, eta horretan ere ikasi dugu. Informaletik sortutako mugimendu horrek bere egiteko modua dauka, informala. Zaletuengandik jaiotako bat batekotasun hori onartu egin behar da. Bertsoa oso egoera osasuntsuan dagoela adierazten du, oso bizirik. Bada bertsoari lotutako alderdi formalago bat; txapelketak, eskolak…, hori oso garatua dago eta elkarteak oso ondo antolatzen du. Alderdi formal eta informal horiek uztartzea ez da erraza, baina oreka polita lortu dugula esango nuke.

Hamabi urte daramazu Bertsozale elkartean lanean. Zer nolako garapena ikusi duzu urteotan?

Geroz eta gehiago miresten dut hasierako sorrera hartan nola asmatu zuten. Herrialdeetakoak eta Euskal Herriko elkartea sortzeko erabakia hartu zuten, guztiak direlako beharrezko. Herrialde bakoitzeko elkarteak daki inork baino hobeto bere inguruan zein behar dagoen, eta Euskal Herrikoak sor ditzake denentzako azpiegiturak. Bestalde, oso ekimen potoloak abiarazi zituzten. Dokumentazio zentrua sortu zuen elkarteak eta ez dakit altxor horren balioaz zenbateraino jabetzen garen. Elkarteak oso garbi zuen apustu hori egin behar zuela eta bete-betean asmatu zuten. Berdin gertatu zen ikastetxeetako proiektuarekin ere. 1985ean elkarteak garbi ikusi zuen horren beharra. Herriz herri sinatu zituzten hitzarmenak eta egundoko sarea sortu zuten. Egitura horrek garrantzia izugarria du egun. Proiektuak ikusten asmatu du elkarteak, eta baita jendea biltzen ere.

1700 bertso saio antolatzen dira urtean Euskal Herrian. Horietako batzuk elkarteak bideratzen ditu, baina beste asko beste hainbat ekimenetatik abiatutakoak izaten dira. Horretan ere asmatu duela esango nuke.

Zer suposatzen du zuretzat elkartean lan egiteak?

Asko betetzen nau bertso munduak eta hemen lan egin ahal izatea luxua da. Oso lantalde polita osatzen dugu eta asko ikasi dugu lanean sortzen diren gatazkak eta iritzi ezberdinak bideratzen. Bakoitzak asko jartzen du bere aldetik, eta ez gara beti ados egoten. Horretan ere ikasi egiten da.

Bertsoaren mundua barru-barrutik ezagutzen duzu. Zer azpimarratuko zenuke?

Bertsoak euskalgintzari egiten dion ekarpena ere azpimarratuko nuke. Bertsoa euskaraz egiten da eta inork ez du planteatzen hala izango ez denik. Euskara hutsean egiten dugu lan elkartean, Euskal Herri osoan, euskalki guztietan, errealitate ezberdinetako guneetan. Euskaran ardaztuta gaude eta hori ere beharrezkoa dela esango nuke.

Bestalde, bertsogintzan konpleju gabe sinestu dugu eta hori ere oso garrantzitsua da. Askotan badugu gure kultur jarduerak gutxiesteko joera, eta hori ez da gertatu bertsoaren kasuan. Bertsoa gustagarria izan daiteke gure haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat. Rap-a gusta dakieke, baina baita Txirrita edo Maialen Lujanbio ere. Bertsoak ez du moda edo boladaka funtzionatzen. Ondo dago modaka funtzionatzen duten logika euskaldunak izatea, horiek ere egiten dute euren ekarpena, baina bertsoak ez du horrela funtzionatzen. Esaterako, bertsoak ez du zertan reggeatoia landu orain boladan dagoelako, ez du horrelakoen beharrik. Bertsotan dena egin daiteke, baina ez dio boladari jarraitu beharrik.

Bertsoak generazio ezberdinetara iristeko duen gaitasuna ere aipatuko nuke. Herriko jaietan bertso-saioa antolatzen duzunean, denak hurbilduko dira; haur, gazte, heldu eta adineko. Balio erantsi polita da hori ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!