Ondoren, ezkur-irinez eginiko krepeak prestatu dituzte hainbat kidek Katillutxulo elkarteko sukaldean; besteak beste, gazta, sagar-konpota edo osinez betetakoak. Eta prestatutakoa dastatu egin dute bertaratuek, noski. Ezkurraren zapore goxo eta leuna ezuste atsegina izan da askorentzat. Gari nahiz ezkur-irinarekin eginiko bi koloretako ogia dastatzeko aukera ere eskaini dute elkartean. Goiz euritsu eta hotza lehorrean eta goxo igarotzeko aukera polita gaurkoa, zerbait berria ikasiz eta zapore ezberdinak dastatuz.
Ezkurrarekin hasi badira, arratsaldeko 16:15ean Katillutxulo elkartean jokatuko den mus txapelketarekin jarraituko dute Kultur Asteko ekintzek. 18:00etan patata tortilla lehiaketa izango da Zimiterioan eta 20:00etan, PIG&KISS taldearen kontzertua, leku berean.
Bihar, azken eguna
Bihar, igandearekin, amaituko da aurtengo Kultur Astea Larraulen. 17:00etan Larraulgo gazteek, argazki diaporama eskainiko dute kultur etxean eta 18:00etan, talo eta gaztaina-jatea izango da, Katillutxulo elkartean.