Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketako final laurdenak jokatu dituzte

Ainhoa Gil 2020ko uzt. 4a, 16:47

Aizkora hotsak izan dira gaur Larraulgo pilotalekuan. Ugaitz Mugertza  eta Ruben Saralegi aritu dira, nor baino nor, Urrezko banakako Aizkolari txapelketako final-laurdenetan. Harrijasotzaileen saioa ere izan da gozagarri, gizon zein emakumeen mailan.

Segurtasun neurriak zainduz, ikusleen artean beharrezko tarteak gordez eta musukoak erabilita, Urrezko Aizkolarien Txapelketako final-laurdena izan da gaur jokoan Larraulen. Tamaina ezberdinetako 16 enbor zituzten aurrean, eta Ugaitz Mugertza izan da azkarrena haiek mendean hartzen. 26'04 minutu behar izan ditu lan guztiak amaitzeko eta Ruben Saralegi nafarrak, berriz, 32,14 minutu.

Aizkolariez gain, harrijasotzaileen jardunaz gozatzeko aukera  ere izan dute Larraulera gerturatu direnek. Xabi Peña eta Beñat Telleria ziren elkarren artean lehiatzekoak, baina Telleria mina hartuta dagoela eta, Jokin Eizmendi izan da Peñaren aurkari. 125 kiloko zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin, bina minutuko saioak egin dituzte bi harrijasotzaileek. Guztira, 45 jasoaldi lortu ditu Peñak, 41 Eizmendik.

Emakumezkoen harrijasotze txapelketako bigarren jardunaldia ere jokoan zen. Gaurkoan, Karmele Gisasolak egin ditu bere lanak. 63 kiloko zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta bolarekin neurtu ditu indarrak, bina minutuko saioetan. Guztira 48 altxaldi eman dizkio Karmele Gisasolak.

Giro polita sortu da Larraulgo pilotalekuan eta antolatzaileek, eskerrak eman dizkie Larraulgo Udalari, saioa antolatzeko aurrerapausoak emateagatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!