“Kulturaren beharra izango dugu aurrerantzean ere”

Ainhoa Arozena 2020ko ira. 22a, 07:29
Maite Arana alkatea eta Nora Urbizu kultur teknikaria, Larraulgo plazan.

Udazkenari begira, eskaintza zabala antolatu du Larraulgo Udalak. Ikasturte osorako ikastaro trinkoak bezala, baita saio laburragoak ere. Alkateak eta kultur teknikariak hartu dute hitza

Aurtengo udazkenerako kultur egitarau oparoa antolatu duzue Larraulen, herri txikia izanagatik bizi-birizik dagoela erakutsiz…

Maite Arana: Egoera zaila da, eta etorkizunera begira ere zaila izango dela aurreikusita, ez genuen Larraulgo jarduna eten nahi. Jakina, beharrezko segurtasun neurri guztiak betez: gurea bezalako herri txiki batek erraztu egiten du aukera hori, baina aforoak eta bete beharreko neurri guztiak errespetatuko ditugu. Argi dugu kultura beharrezkoa dela: egoera zail honetan aurrera egiten lagundu digu, eta aurrerantzean ere kulturaren beharra izango dugu. Arima eta espirituarentzat pizgarria da, eta gainera, jende asko bizi da kulturatik. Bultzatu egin behar da, dudarik gabe.

Era berean, herritarrak aktibo mantendu nahi ditugu. Eskaintza zabala egin dugu, eta jakin-min ezberdinak dituzten pentsonen interesa piztu nahiko genuke. Gazteengana iritsi nahi dugu bereziki: badakigu garai hauetan zaila dela, baina aukera erakargarriak bilatzen saiatu gara.

Nora Urbizu: Egoera zaila izan arren, benetan aurrera egitera animatu gintuena San Esteban eguneko bertso saioa izan zen. Oso ondo erantzun zuen jendeak: errespetuz eta lasaitasunez, eta halako erantzuna ikusita, kultur ekintza gehiago egin zitekeela jabetu ginen. Gure lasaitasunerako eta animorako lagungarria izan zen saio hura. 

Herritarrei deia, beraz, herrian bertan parte hartzen jarrai dezaten…

M. A.: Bai, herritarrak animatu nahi ditugu ekintza ezberdinetan parte har dezaten: beti ere bizi dugun egoerarekiko errespeturik galdu gabe, neurriak betez, baina aurrera eginez. Kultura horretarako oso bide egokia da. 

Ekonomikoki ahalegin handia egin dugu. Gainerako udalentzat bezala, ekonomikoki garai zailak dira Larraulgoarentzat ere. Baina etorkizunera begira, kultura sustatzea inbertsioa dela uste dugu, eta bide horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Ikastaroetan larrauldarrek izango dute lehentasuna, baina beste edozein herritar ere eskuzabaltasunez hartuko dugu saioak aurrera atera daitezen.

N. U: Larrauldarrekin bakarrik zaila da taldeak osatzea; ondorioz, parte hartu nahi duen orori zuzenduko zaizkie ikastaroak. Inguruko herrietako gazte nahiz helduen beharra daukagu ikastaroak martxan jartzeko. Larraulek eskualdeari begira ere eskaintzen du zerbitzua, beraz. Aurten oso garbi daukagu zeintzuk diren taldeak osatzeko gutxieneko eta gehienezko kopuruak, egoerak eta espazioak agintzen dutelako.

Noiz amaituko da ikastaroetarako izena emateko epea?

N. U.: Ikastaro guztietarako izen-emateak zabalik daude, irailaren 25era arte. Egia esan, ikastaro trinkoek dute lehentasuna, urriaren 5ean hasiko direlako. Besteetarako aukera luzeagoa izango da, baina denboraz ibiltzea komeni da. Izena eman nahi duenak eman dezala lehenbailehen, lekua ziurta dezan. Izan ere, aforoarena arazo izan daiteke: hamarrentzat lekua badaukagu, hamaikagarrena kanpoan geratuko baita.

Elkarrizketa osorik Aiurri hamaboskariaren 567. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!