Mellifera, errealitate bihurtu den ametsa

Ainhoa Arozena 2020ko urr. 13a, 09:48
Arrate Iturbe, Mellifera ezti-potea eskuan duela.

Tolosarra da izatez Arrate Iturbe, baina Larraulgo Beobideburu etxean bizi da azken urte hauetan. Erlezaintzan trebatu, eta Mellifera egitasmoa jarri du abian bikotearekin batera, landa eremuko bizimodua suspertzea helburu.

Larraulgo inguru paregabean bizita, bertan proiekturen bat martxan jartzeko gogoa zuten aspaldidanik Arrate Iturbe eta bikoteak. Nekazal ingeniaritza ikasi zuen Arratek, eta nekazaritzaren arloan teknikari  gisa aritu izan da lanean beti. Larraulen baliabide guztiak eskura edukita, mimoz gauzatu nahi izan dute euren ametsa, eta pausoa ematea kosta egin zaiela aitortu arren, ausartu egin dira azkenean. Eztigintzaren mundu zabalean barneratu dira. “Gustuko dugun hori gure bizimoduaren zati izatea nahi genuen, eta proiektutxo bat landu genuen ustiategi txikiei zuzendutako dirulaguntza deialdira aurkezteko”. Behin martxan hasita, hamar kaxa ekarri zituzten euren bizitoki den Beobideburu etxearen ondoko sailetara. “Erlezaintzatik bizitzeko kaxa asko behar bada ere, gutxi batzuekin hastea erabaki genuen guk. Epe erdi edo luzera begira, lanaldi erdi bat honetara bideratzea gustatuko litzaiguke”, azaldu du. Euren erabakia, egungo presakako bizimoduari erantzun nahian egindako hautua ere bada: “kontziliazioa bultzatuz, etxeaz nahiz inguruaz gozatu nahi genuen, goxotasunaz nahiz semeaz…, beti besterentzat lanean ibili beharrean”.

Senari jarraiki

Orain hiru urte hasi zen Arrate Iturbe erlazaintzaren oinarriak ezagutzen hainbat ikastaroren bidez. Handik aurrera, iaz animatu ziren lehen kaxatxoak ekarri eta ikasten jarraitzera. Umiltasunetik mintzo da Arrate, oraindik ere ikasteko asko dutela adieraziz, “erlategian gauden bitartean, bide hau hasi besterik egin ez dela konturatzen gara, asko daukagula ikasteko. Pixkanaka joango gara galdetzen, osatzen, eta baita senari jarraitzen ere. Erlezaintzak asko baitauka intuiziotik, sentitzen dugun horretatik. Noski, oinarrizko ideiak jakitea beharrezkoa da, baina eguraldiaren edo beste hainbat faktoreren aurrean bakoitzak bere erabakiak hartu behar ditu”.

Jakina, loraldia edo giroa bera bezalaxe, ezberdina da emaitza ere urtero. Ziurgabetasun horrek ere erakartzen du Arrate, egoeraren aurrean erabakiak hartu, eta ikasteko balio baitio. “Loraldiak ezin dira kontrolatu, eta akazia-urte oso ona denean, erraz lortuko dugu akazia-eztia. Aurten, esaterako, apenas egon den akaziarik inguruan, eta, ondorioz, akazia-ezti gutxi izango da”.

Mellifera

Mellifera izena jarri diote euren egitasmoari; izena gogoko izateaz gain, erlea bera hartzen duelako oinarrian. “Erlearen izen zientifikoa apis mellifera da. Iberiensis erle beltza da gure arraza, eta harekin egiten dugu lan”. Aurtengo udaberrian euren produktuak zigilatuko dituen etiketak ere prestatu dituzte. Konfinamendu garaian tartea eskaini zioten irudia osatzeari, eta oso gustura daude emaitzarekin. Gustura euren lelo eta logoarekin, eta, noski, gustura erlauntzetatik jasotako lehen uztarekin ere. “Polen freskoa atera dugu lehenengoz aurtengo udaberrian. Liseriketan laguntzen du, oso produktu estimatua da, eta ia konturatu ere egin gabe saldu genuen dena. Lehen ezti uzta etorri zen gero, uztailean, eta hark ere sekulako harrera izan zuen: ez zen sekulako produkzioa, baina egindako guztia saldu genuen”. Eta nolakoa da Mellifera eztia? “Bada, gure eztia mila lore eztia da, oso ezti likidoa. Inguruan bestelako loreak baino gaztain gehiago dagoenez, gaztain- kolore ilun samarra dauka, anbar ukituarekin. Oso erraz jaten da”, argitu du elkarrizketatuak.

Polena eta eztia amaituta, udazkenari begira propoleoa dute eskaintzeko. Zaldibian kokatutako Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kide dira, eta bertako estrakzio-gune kolektibotik jaso dute lehen Mellifera propoleoa. “Eztarriko mina gozatzeko erabiltzen dugu batik bat, hanketako onddoentzat… Baina erabilpen asko du, eta geroz eta ezagunagoa da. Erleek euren etxea garbitzeko erabiltzen dute propoleoa; azken batean, antibakterianoa baita. Erleen kaxak oso garbiak egoten dira propoleoari esker”, dio. Mellifera propoleoa eskuratu nahi duenak: arrateiturbe@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo Instagram bidez #Mellifera izango du aukera.

Erleek eskaintzen dituzten produktu ezberdinen aurrean, apiterapia edo erleen ziztaden terapia ere gero eta indar handiagoa hartzen ari dela azaldu du, artrosia eta endekapenezko gaixotasunen aurrean, esaterako.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 568. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!