Goxatzeko errezetak

Perretxiko risottoa Maddi Etxeberriaren eskutik

Maddi Etxeberria 2021ko mar. 26a, 09:00

Larrauldarrak errezeta goxoa eta dieta beganora moldatua egin du. Jatorri italiarra edukita geure gastronomiara moldatu du.

Osagaiak (3-4 lagunentzat):

  • Basokada bat arroz basmati integral
  • Bi basokada perretxiko (izoztu zein fresko)
  • Kipula bat
  • 4 baratxuri ale
  • Oliba olio birgin extra
  • Gatza
  • Bi basokada ur
  • Basokada bat esne begetal (nire kasuan sojazkoa)
  • Gazta begetala
  • Perexila

Nola egin:

  1. Arroz basmati integrala beratzen eduki gutxienez lau orduz.
  2. Eltze batean, oliba olio txorrotada eskuzabal bat berotu, eta baratxuria eta kipula bota, zati txiki-txikietan moztuta.
  3. Gatza bota kipulak ura galdu dezan, eta kipula erdi garden bihurtu arte sutan eduki, etengabe irabiatuz.
  4. Perretxikoak eltzera bota eta hamar bat minutuz eduki, euren ura askatu eta sukaldatzen diren arte.
  5. Arrozari ura kendu, ondo garbitu eta eltzera bota.
  6. Pixkanaka-pixkanaka ura botatzen eta nahasten jarraitu, eta berdina egin esne begetalarekin (txandaka egin daiteke; ur apur bat bota eta ondoren esnea, gero berriro ura…).
  7. Arrozari egiteko gutxi falta zaionean edalontzietan geratzen den likidoa erantsi eta tapa estalita sukaldatu.
  8. Zerbitzatu aurretik gazta bota (apur bat urtu dadin) eta platerean perexilarekin apaindu.
  9. On egin!

Arroza munduko biztanleriaren erdiaren eguneroko elikagaia (hau da, elikagai nagusia) dela esaten badizuet, nola erreakzionatuko duzue? Harrituta? Kezkatuta? Beldurtuta? Elikagai merkea da, asetzen duena, kontserbatzeko erraza eta zapore goxokoa. Hori dela eta, herrialde askotako eguneroko ogia da. Herrialde “garatu” deitzen diegunetan, berriz, arrozari beldurra hartu zaio, karbohidratoetan aberatsak diren beste elikagai askori bezala. Jendeak dietatik ezabatu du, loditzeko beldur delako, edo auskalo zergatik.

Gaurkoan, arrozarekin egin daitekeen errezeta interesgarri bat proposatzen dizuet, zapore goxokoa eta egiten nahiko erraza. Duela aste batzuk, azaldu nizuen elikagai integralak kontsumitzearen garrantzia, eta horregatik hautatu dut arroz integrala gaurkoan. Basmati motakoa aukeratzea, gustu pertsonalen araberakoa da (egin baitaiteke arroz integral borobilarekin), baina aromatikoagoa denez, aukera ona iruditu zait risotto baterako.

Arroza elikagai nutritibo bat da, karbohidrato konplexuetan aberatsa, zuntzean aberatsa eta bitamina eta mineral askotan aberatsa. B taldeko bitaminek, gure nerbio sistemari lagunduko diote; E bitamina ere aurkituko dugu, zelulen zahartzea ekidingo duena; baita odolaren koagulazioan parte hartuko duen K bitamina ere. Mila modutara sukaldatu daitekeen elikagai hau, ordea, gure gizartean, beti plater berdinetan ikustera kondenatua dagoela dirudi: arroza tomatearekin, arroza oilaskoarekin, paellan eta arroza barazkiekin etxeren batzuetan. Saia gaitezen sukaldean esperimentatzen; eguneroko elikagai hau bitxi bihurtzen eta berritzaile izaten! Asko esperimetatu eta on egin!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!