“Bisitariak etxean bezala senti daitezen ahaleginduko gara”

Sara Medrano 2021ko api. 9a, 08:36
Karin eta Luis Mari Larraulgo Agerre Berri landetxearen kanpoaldean, paisaia ederrean murgilduta.

Karin Van der Worp eta Luis Mari Tello Larraulgo Agerre Berri landetxe berriko arduradunak dira. Aiztondo bailararen bihotzean, mendi artean, baserria zena aterpetxe bilakatu da. Agerre Berri bisitariak jasotzeko prest dago.

Nola sortu zen Agerre Berri baserria landetxe bilakatzeko ideia?

Hasieran, lekua eta baserria ikustera joan eta asko gustatu zitzaizkigun eta inongo asmorik gabe erosi genuen, landetxe batean pentsatu gabe. Baina etorri ginenean izugarri handia zela iruditu zitzaigun eta ekonomikoki horri buelta emateko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Eta horrela sortu zen ideia, gauza batek bestera eraman gintuen. Guk argi genuen hotela ez genuela jarri nahi, egunero bezeroekin eduki beharreko zerbitzu hori ez genuela eskaini nahi, baina landetxe bat jartzea, aldiz, ideia ederra iruditu zitzaigun. Jendeari leku eder eta lasai honetaz disfrutatzeko aukera emateko.

Proiektuarekin urtarrilean hasi ginen eta urrian iada irekitzekotan ginen. Denbora horretan baserria hartu, obrak egin, guztia txukundu eta landetxe batera egokitu dugu. 

Zer eskaintzen duzue Agerre Berri landetxean?

Momentuz prestatuta daukagun apartamentua 5-6 pertsonentzako egokituta dago. Familia, bikote, lagun kuadrilla, mendizaleak, langileak… Berdin digu, baina giro lasaia mantentzea eskatzen dugu, hori guretzat oso garrantzitsua baita. Leku lasaia da eta guk ere horrela izaten jarraitzea nahi dugu; baserriak eta lekuak eskaintzen duenari berdina eman nahi diogu. Egonaldiari dagokionez ez dago epe mugarik, asteburu bat, egun bat, astebete edota nahi adina egon daiteke. 

Zer nolako harrera jaso duzue herrian?

Oso ona. Asko poztu dira, horrelako zerbait egitera animatzegatik. Kontutan hartu behar da aspalditik utzita zegoen baserriari eta lekuari bizia eman diogula. Udaletik ere oso ondo portatu dira, izugarri lagundu digute. Bizilagun asko honen parte ere izan dira, laguntza handia eman digutelako.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 580. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!