Goxatzeko errezetak

Platano eta olo tortatxoak Maddi Etxeberriaren eskutik

Maddi Etxeberria 2021ko api. 16a, 11:47

Larrauldarrak platano eta olo tortatxoak egin ditu; egokiak, gosaltzeko, askarirako edota postrerako. Gainera, modu osasuntsuan egindakoa eta dieta beganora moldatua. Aukera interesgarria beste modu batera jateko.

Osagaiak (2 lagunentzat):

  • 2 platano heldu
  • 8-10 koilarakada olo maluta
  • Esne begetala
  • 2 koilarakadatxo legami kimiko (royal)
  • Koko olio apur bat (oliba olioa ere erabil daiteke)

Nola egin:

  • Irabiagailuaren ontzian platanoak ondo irabiatu, pure bat egin arte.
  • Olo malutak erantsi eta ondo nahastu, ia maluta guztiak birrindu arte.
  • Esnea erantsi, gutxi gora behera bizkotxo-masaren sendotasuna izan arte.
  • Legamia erantsi eta azken aldiz irabiatu.
  • Zartagina berotzen jarri eta koko olio apur bat erantsi.
  • Masaren pare bat koilarakada bota eta 3-5 minutuz eduki, goian burbuilak irten arte, su ertainean.
  • Tortatxoari buelta eman eta beste bizpahiru minutuz eduki sutan.
  • Prozedura errepikatu masa guztia amaitu arte (pertsonako 3-4 tortatxo aterako dira).
  • Nahi denarekin zerbitzatu (jogurra, fruta moztua, kakahuete krema...) eta On egin!

Oloa azken urteetan oso modan jarri den elikagai bat da; bere erabilgarritasunaz gain oso nutritiboa den elikagai bat delako. Karbohidrato konplexuetan aberatsa izateaz gain, kalitatezko proteina eta zuntza ditu. Zuntza, bereziki interesgarria da asetasunean eta noski, gure heste-igarotzearen erregulazioan. Gainera, kuriositate bezala, oloa oso aberatsa da fosforoan; beraz, esfortzu psikologikoa egin behar edonorentzat (ikasleak, oposaketak prestatzen ari direnak...) oso gosari aproposa da.

Hori dela eta, tortatxo hauen proposamena dakarkizuet, gosari edo askari interesgarri bat delakoan. Tortatxoak pelikula estatubatuarrekin iritsi zaizkigula esango nuke, baina oso goxoak izan arren, nutrizionalki nik egindakoetatik oso ezberdinak dira, eta ez nuke haiek egunero gosaltzea gomendatuko. Nire proposamena, aldiz, egokia izan daiteke egunerokotasunerako. Gainera, oso osagai gutxi behar dira; nahiz eta nahi beste zaildu daitekeen errezeta. Masari kakao hautsa, kanela eta ziazerbak ere bota izan dizkiot noiz edo noiz, eta gainetik, burutik pasatzen zaizuen oro. Hasierako sinpletasunak, mundu oso bat uzten du sukaldean esperimentatzeko. Beraz, ea nolako tortatxoak ateratzen zaizkizuen!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!