Entsalada koloretsuaren errezetarekin emango zaio amaiera Goxatzeko Errezetak atalari

Maddi Etxeberria 2021ko mai. 6a, 11:35

Maddi Etxeberria larrauldarrak azken errezetarekin emango dio amaiera atal bereziari. Azkeneko plater gisa entsalada koloretsua eskaini digu; goxoa, frexkoa eta dieta beganora moldatua.

Osagaiak (3-4 lagunentzat):

  • 3-4 kukulu
  • Erremolatxa egosi handi bat
  • 3 azenario
  • Tomate bat
  • Arto lata erdia
  • 200 gramo garbantzu egosi
  • Eskukada bat mahaspasa
  • Gatza
  • Oliba olio birgin extra
  • Ozpina

Nola egin:

  1. Garbitu beharreko barazki guztiak ondo garbitu eta zuritu (beharrezkoak direnak; hala nola, azenarioa).
  2. Barazki bakoitza nahi den forman moztu. Nire kasuan:
    1. Kukuluak urazaren antzera.
    2. Tomatea dadotxoetan.
    3. Azenarioa azal-kentzeko tresnarekin.
    4. Erremolatxa tiretan.
  3. Ontzi handi batean moztutako barazkiak, artoa, garbantzuak eta mahaspasak nahastu eta nahi bezala gozatu (nire kasuan, gatza, oliba olioa eta ozpinarekin.
  4. On egin!

Entsaladak aspergarriak direla uste du jende askok. Dietetako oinarria direnez arbuiatu egiten dituzte beste askok. Entsaladarik maite ez duen jende asko dago. Nire ustetan, ordea, entsalada, platerik moldakorrenetako bat da: lehen plater bezala jan dezakezun zerbait arina prestatzetik (hala nola, tomate eta kipula entsalada), erabat nutrituko gaituen plater sendo bat prestatzera igaro baikaitezke.

Nire ustez, oso-oso garrantzitsua da entsalada hauek koloretsuak izatea; izan ere, irensten hasi aurretik, begiek jaten dute, eta ezinbestekoa iruditzen zait ahalik eta kolore gehien izatea, platerean ere eder gelditzeko. Konbinaketa posibleak milaka dira; barazki gordin zein kozinatuak, fruitu lehorrak, pasta (garizkoa, beste zereal batena edo lekale pasta), lekaleak, fruta… Amaieran zerrenda batzuk jarriko dizkizuet, ahalik eta konbinazio posible gehien izan ditzazuen! Hosto berde eta bestelako barazkietatik nahi adina konbinatuko nituzke, zereal eta lekaleen taldea bat edo pare bat aukeratu, frutaren bat (aukeran), ehundura emateko taldetik beste bat edo bi eta entsalada zoragarri bat izango duzue!

Entsaladak gozatzeko garaian, ohikoena (Euskal Herrian, behintzat), gatza, oliba olioa eta ozpina erabiltzea bada ere, milaka modu daude entsaladentzat. Fruitu lehorrak erabiliz krema moduko bat eginda, mostaza eta gozagarriren batekin egindako saltsa, frutak erabiltzea, limoi zukua… Animatu gaitezen!

Hosto berdeko barazkiak (bat erabili dezakezue, edo nahasketa egin):

  • Uraza/kukuluak
  • Ziazerbak
  • Kale edo aza kizkurra
  • Aza
  • Kanonigoak
  • Errukula
  • Azelga
  • Endibiak

Bestelako barazkiak:

  • Azenarioa (kozinatuta ala gordinik)
  • Erremolatxa (kozinatuta ala gordinik)
  • Txanpinoiak
  • Piperrak (kozinatuta zein gordinik)
  • Kipula (kozinatuta zein gordinik)
  • Baratxuria (kozinatuta zein gordinik)
  • Zainzuriak (kontserbakoak zein gari-zainzuriak)
  • Lekak
  • Brokoli zein azalore salteatua
  • Errefautxoak
  • Pepinoa
  • Ilarrak

Zerealak zein lekaleak:

  • Kinoa
  • Kuskusa
  • Arroza
  • Pasta (edozein zereal zein lekalezkoa)
  • Patata
  • Artoa
  • Dilistak
  • Garbantzuak
  • Babarrunak

Frutak:

  • Sagarra
  • Udarea
  • Ahuakatea
  • Tomatea
  • Marrubiak
  • Laranja
  • Anana
  • Mangoa
  • Melokotoia
  • Granada
  • Meloia

Ehundura emateko osagaiak:

  • Kalabaza haziak
  • Ekilore haziak
  • Mahaspasak
  • Fruitu lehor nahasketa
  • Hurrak
  • Almendrak
  • Intxaurrak
  • Sesamo haziak
  • Txia haziak
  • Anakardoak
  • Ernamuinak

Agurra

Eta besterik gabe, nire errezetak hemen amaitzen direla esango dizuet. Oso etapa polita izan da, asko gozatu dut (bai sukaldean eta bai platerak sortzeko prozesuan), baina amaiera iritsi zaio. Beraz, @begaonegin kontuan topatuko nauzue hemendik aurrera. Eta gogoratu: asko esperimentatu eta zoriontsu izan!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!