Larraul eta Ernio artean, mendian lasterka

Ainhoa Gil 2021ko ira. 27a, 07:35
2011n jokatu zen lasterketaren lehen edizioa. Egun hartan ateratako argazkia da honakoa.

Urriaren 3an itzuliko dira mendi-lasterketak Aiztondo eskualdera. 2020an bertan behera geratutako Larraul-Ernio-Larraul lasterketa ospatuko da egun horretan. Iazko ediziorako izena eman zuten korrikalariek izango dute parte hartzeko aukera, baita lasterketa hasi aurretik ere.

Pandemiak bete-betean harrapatu zuen Larraulgo mendi-lasterketa. 2020ko martxoaren 15erako zegoen iragarrita eta antolakuntzak prest zuen guztia. Lasterkari asko eta asko izena emanda zegoen ordurako, baina ezin izan zuten lasterka egin. Pandemiaren eraginez, etxeratze agindua etorri zen eta bertan behera geratu ziren hainbat eta hainbat ekitaldi. Egoerak hobera egiten zuenerako utzi zuten Larraul eta Ernio arteko lasterketa. Andres Aristi da lasterketako antolatzaileetako bat eta hark azaldu duenez, “izena emanda zegoen jenderenganako errespetuz, lasterketa ahalik eta azkarren egiteko gogoa genuen. Egoerak ez du lagundu, eta urtebetetik gora joan zaigu. Azkenik, ordea, iritsi da momentua eta prest dugu lasterketarako data berria: urriaren 3an egingo dugu Larraul-Ernio-Larraul”.

Larraul eta Ernio arteko mendi-lasterketaren 10. edizioa izango da honakoa. Urtetik urtera indarra eta izena hartzen joan da eta inguruko korrikalariek ez dute hutsik egiten. Iaz izena eman zuten korrikalariek izango dute parte hartzeko aukera eta haiez gain, lasterketaren aurretik ere zabalduko dute izena emateko aukera. Horretarako, mahaitxo bat jarriko dute plazan bertan. Izen-ematea 15 eurokoa izango da.

Omendua, Amaia Andres

Ohiko moduan, goizeko 10:30etan emango zaio hasiera lasterketari. Baina, aurrez, ohitura duten moduan, atleta ohi bat omenduko dute. “Amaia Andres izango da aurtengo protagonista. Lasartearra da Amaia eta ibilbide ikaragarria egin zuen. Europa mailan lehiatu zen eta oso paper garrantzitsua egin zuen 800 metroko distantzian”, azaldu du Andres Aristik. Amaiak botako du lasterketa hasiera markatzen duen suziria, eta berak banatuko dizkie garaikurrak irabazleei. 

Lasterka hasita, ibilbide polita bezain gogorra izango dute aurrean korrikalariek. 15,5 kilometro egingo dituzte korrika, mendian barrena. Ibilbide gogorra du Larraulgo lasterketak, baina baita ederra ere. Baso eta zelaietan barrena igaroko dira lasterkariak Ernioko tontorrera iritsi arte.

Orain arteko markarik onenak hausteko aukera izango dute lasterkariek. Hassan Ait Chaou eta Nerea Amilibiak ezarri zituzten denborarik onenak, lasterketaren bigarren edizioan. 1:09:51n geratu zuen ordularia Ait Chaouk; 01:28:07n Amilibiak. 

Aldaketak

Pandemiaren egoerak lasterketa egitea baimendu badu ere, aldaketa txiki batzuk egin beharra ere ekarri du. Andres Aristik azaldu duenez, “ezingo dugu dutxa zerbitzua eskaini eta beste urtetan plazan jartzen genuen jakien mahaitxoa ere ezingo dugu jarri”. Korrikalariek ura har dezaten bi puntu jarriko dituzte antolatzaileek, ohiko tokietan.

Larraulgo plazan ematen diote hasiera korrika saioari, eta Ernioko tontorrera iritsi ondoren, Larraulgo plazako helmuga puntura itzultzen dira lasterkariak. Ikusleei Larraulera edo ibilbidearen edozein puntutara lasai gerturatzeko deia egin nahi diete antolatzaileek: “Kontuan izan beharrezkoa izango dela elkarren arteko distantziak pixka bat zaintzea, baina ikuskizun polita izango da, eta merezi du; lasterkariek oso gustura hartuko dituzte txaloak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!