Koldo Rabadan Izagirre irakasleak “Bidean” liburua aurkeztu zuen, etxe bezain eskola sentitzen duen herrian

Alba Cabrera Jauregi 2021ko abe. 8a, 19:00
Ipuin bat irakurrita egin zuen bere liburuaren aurkezpena Koldo Rabadanek.

Egungo hezkuntza-ereduan ipini du begirada Koldo Rabadan Izagirre Larraulgo eskolako irakasleak, ARGIArekin batera argitaratu duen “Bidean” liburuan. Lehenengo itxialdian idatzi zuen, guraso baten erronkari eutsita.

Joan den asteazkenean aurkeztu zuen Koldo Rabadan Izagirre irakasleak “Bidean” liburua Larraulen, etxe bezain eskola sentitzen duen herrian. ARGIArekin elkarlanean ondutako proiektua da,  eta bere eskarmentua abiapuntu, “aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa” idatzi du, hausnarketez zein autokritikaz jositako lekukotza pertsonala.  Bertan izan ziren “bidean” lagun edukitako irakasleak, gurasoak, nahiz ikasleak, belarriak tente-tente, egileak esateko zituenak entzuteko irrikaz. 

Ipuin batek lagundu zion aurkezpenari “bide” ematen: "Barruko lehoia". Hala, istorio horren haritik tiraka azaldu zituen bere liburuan xehetutako hamar puntuak. Ikasleak sagutxo bihurtuta, irakasleak lehoi, kontaketari ekin zion: "Hautsez betetako leku lehor batean, hareak zuen urrearen dizdira. Eta bazen aspaldiko harritzar bat, zabal-zabala zerura begira...", zioen ipuinaren hasierak.

Aditzen ikasi

"Zapaldua izaten zen haren hitza, inork ez zion kasurik egiten. Bai, latza zen sagu bizitza". Ipuinaren lehen geldialdiak tartea eman zion ikasle grisez jarduteko, "entzuten ez diren" ikasleak gogoan hartzeko, hain zuzen: "Entzun, bai; entzun, entzuten dugu esaten dutena; baina entzuteak haurra ulertzea dakar, edo ulertzen saiatzea esan nahi digun hori, baita esatera ausartzen ez den hori ere". Hala, nork bere kolorea duela adierazi zuen, grisa, tartean. Bada, hain justu ere, egungo hezkuntza-ereduan ia tokirik ez duten "ikasle grisei" aitortza egin die liburuan: "Espazioa eman behar diegu eskoletan, guztientzako eskola aldarrikatzen badugu, guztiek eduki behar dute lekua". Izan ere, egilearen esanetan, ikaslea aditzen ahalegintzeko erantzukizuna dakar "intrintsekoki barruan" irakasle ofizioak: entzun; ez, ordea, belarriekin soilik, zentzumen guztiak haurrarengan ipinita baizik: "Haurra entzun ahal izateko ezinbestekoa da hura ulertzen saiatzea".

Errespetua izateko premiaz

"Lehoia errege oihanean. Izugarria piztia, indartsua eta harroa. Denek argi eta garbi zuten indartsuena zela bera, bere orroa". Errespetuaz mintzatzeko ere izan zen tartetik. Autorearen hitzetan, irakasleak, helduak, "eredu" diren heinean, jakitun izan behar dira beren hitzek duten pisuaz, positiboki eragin baitezake umearengan, baina baita negatiboki ere. "Beraiei exijitzen badiegu irakaslearekin errespetuz jokatzea, guk ere errespetatu behar ditugu haurrak". Ildo horretatik, irakaslearen funtsa bidelagun izatea da, haren ustez: "Haurrak dira, ez inozoak. Eta, batzuetan, mintzo garenean, ez gara konturatzen zelako kaltea eragiten dugun".

Erantzunak, hamaika

"Halako gau ilun batean, bere sagu-ohetxoan burutaziorik argiena agertu zitzaion kaskoan. Izaretatik salto egin eta zutik esan zuen: orro on bat behar dut nik ibiltzeko zuzen".  Orro egiteko makina bat modu daudela aldarrikatu zuen Rabadanek aurkezpenean, ikasle guztiak molde eta neurri berean atera ez daitezen eskolatik. Horretarako, sormena erabili behar da, irakasleak esan lez, eta artea oinarri duten irakasgaietatik harago ere praktikan ipini: "Ez dago erantzun bakarra. Sormena litzateke, finean, prozesua baloratzeko modua; ez emaitza". 

Hasi, hazi

"Ausart jokatzea erabaki zuen sagutxoak, ez egoteko dudan eta zalantzan; gailurrera igotzen hasi zen".  Eskolen eraldaketa egin ahal izateko, ezinbesteko ikusten du Rabadanek irakasleen ausardia. "Txikitik eragin" behar delakoan da idazlea, eta argi du zein den egoera iraultzeko gakoa: "Gure barneko hormak botatzen ez baditugu, alferrik da; gauzak aldatu nahi baditugu, has gaitezen barrutik".

Ikasi, irakasteko

"Lehoi jauna, esnatu! Barkatu molestatzearren, baina orro egiten irakatsiko al zenidake, arren?". Formakuntza ilusioz egiten du egileak, baita hori bera aldarrikatu ere. “Ikasteko prest dagoenak soilik irakats dezake”. Hortaz, praktikan oinarritutako teoria irudikatzea defendatzen du, unean uneko testuingurura nahiz premietara egokitzeko. 

Denborari, denbora

"Denbora gelditu egin zen, biak zeudela begira elkarri". Ikasleen erritmoak errespetatzea eta bideaz gozatzea; horrexetan ipini zuen azpimarra, “atxikimendu positibo bat eman dadin haurraren ikasketa-prozesuan”. Finean, nork bere denbora behar duela aitortu zuen Rabadanek: “Konpetentziez hitz egiten dugu, baina konpetitibatean erortzen gara. Alderatu egiten ditugu ikasleak”. 

Gaur, eta ez gero

"Lehoi handia, sagutxoaren beldur zen". Ikasleek ez ezik, irakasleek ere beldurra sentitzen dutenaren iritzi da autorea: ikaslearen etorkizunarekin kezkatzen dira maiz, hurrengo urteetan ikaslea ongi ibiliko ote delako ezbaian. "Inkoherentzietan jausten gara asko, ondoren etorriko den horri begira." Hori horrela, bideaz gozatzeko proposamena egiten du, etorkizunarekin tematu gabe. 

Heldu eskutik

"Ez kezkatzeko esan zion saguak: ni laguna naiz, ez etsaia. Egin dezagun elkarrekin aurrera, dibertigarria izango da". Elkarlana da, egilearen aburuz, ikaskuntza- prozesua gozoa izateko giltza. Horretarako, ezinbestekotzat du ikaslearen, irakasleen zein gurasoen arteko hartu-emana. 

Boligrafo gorria, akats

"Bere benetako ahotsa aurkitua zuen saguak, ez lodi eta ez mehar, hitz egiteko ez baituzu orro egin behar". Boligrafo gorria ere izan zen hizpide aurkezpenean. Horrela, ikasleak umiltasunez baloratu behar direla erakutsi dio esperientziak Rabadani, garai bateko irakasleen jarrera erreproduzitu gabe: “Haur baten nortasuna ez da laukitxo batean sartzen, media bat baino gehiago da”.

Barruko lehoia

"Bai, egun hartan biek ikasi zuten. Neurri guztietako izakien esparruan, denok ditugula sagu bat, eta lehoi bat barruan".  Zoriontasunaren bilaketan datza prozesua idazlearentzat, horixe baita “bidea egiteko jarrera egokiena", hots, "egiten duenarekin asebete sentitzea haurra”. Askotariko lengoaiak bermatzen dituen eskolarekin egiten du amets Rabadanek, ikasleen trebetasun oro hauspotzeko: “Utz dezagun arrastoa bereaiengan, bide horretan gurekin gogoratu daitezen, barruko lehoia denon artean topa dezagun”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!