Kantuz ekin zioten Urnietan, Euskaraldiari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko abe. 2a, 01:00

Azaroaren 23an, kantuan eta dantzan eman zioten hasiera Euskaraldiari Urnietan. Euskararen olatua indartsu iritsi da herrira. Izan ere, 1233 herritarrek eman dute izena ekimenean.

Indarra hartuz doan olatua bezala, Euskaraldia indartsu sartu da Urnietan. Azaroaren 18ko ekitaldiak lehendik zetorren energia biderkatu egin zuen, Ahobizi eta Belarriprest roletan aritutako urnietarren kopurua astebeteko epean nabarmen haziz. Azaroaren 18an 900 inguru ziren. Bost egun beranduago, azaroaren 23an, 1233 lagun. Ziur ez dela horretan geratu. Euskarak txanpa berezia hartu du Euskaraldiaren etorreran. Izan dadila etorkizunean erabilera areagotzeko bultzada berezia.

Hitzordu bikoitza Zanpatuz taldearekin

Herriko elkarte, eragile eta erakunde ezberdinek bat egin dute Euskaraldiarekin. Horietakoa Zanpatuz mendi elkartea izan da. Eguraldiari dagokionez ez da asteburu polita izan, hala ere, aurrikusitako bi irteerak aurrera atera zituzten.

Zanpatuz mendi elkarteak iragarritakoa bete, eta aurrera eraman zituen astebururako iragarritako bi hitzorduak. Larunbatean mendi bizikletako irteerari eutsi zioten. Bustia eta freskoa zen giroa, baina txirrindulariak ez ziren atzean geratu. Eta biharamunean ere antzera izan zen. Lehenik Buruntza mendira, eta ondoren Azkortera, Urnietako mendizale taldeak Euskaraldiarekin bat dagoela erakutsi nahi izan zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!