Azkorteko erromeria euripean ospatu da

Xabier Lasa 2019ko mai. 3a, 14:41

Santa Krutz eguna ospatu da Azkorteko gainan, aspaldiko tradizioari eutsiz. Giro kaskarrak ez du gehiegi lagundu jendea erromerian parte hartzera animatu zedin. Aurten ez da ez aizkolarien ezta harrijasotzaileen erakustaldirik izan, eta meza ondoren trikitilariei eta bertsolariei egokitu zaie festa girotzea.

Angel Larrañagak eta Iñaki Olartek trikitixa hotsak zabaldu dituzte Azkorteko bazterretan. Inor ez da dantzarako animatu, dena den.

Ondoren, Larrañaga berak Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II errezildarra hartu du lagun, eta bertso saioa polita eskaini diete meza ondoren geratu diren erromeria zaleei.

Librean aritu dira biak, eta goiz parteko festari lotutako kronika ezin egokiagoa osatu dute. Hona bertso saioaren pasarte bat:

Larrañaga:

Urtero degu euri eguna

ez al da nahiko tristia?

baina halare komeniko da

umoreari eustia.

Santakrutzetan normala degu

eguraldi on eta bustia.

Ea pixka bat berotzen degun

bildu dan jende guztia.

 

Lodisaletxe:

Egun hau e iritxia da

lanean hasteko txanda.

Lentxio negon hotz pixka bat

gorputzari erasanda.

Salda beroa ardo tragoa

ta txorixo pintxo janda,

orain dexente hobeto gaude

hemen egia esanda.

 

Larrañaga:

Loidisaletxe derrigor zegon

hori aitortu beharra.

Berogarria beti izanda,

beti taberna baztarra.

Euriak ere atertu digu,

joan da lengo zaparra.

Hor ikusten da meza nagusiak

izango dula indarra.

 

Loidisaletxe:

Nondik atera behar zun honek

ez nun espero aibala.

Egia, zar-zar jardun du hemen

eliz barruan ginala.

Nahiz ta ez jakin zeinegatik dan

nik pentsatua det hala:

nik uste nuen gelditutzeko

motiboa gu ginala.

 

Larrañaga:

Urte altzoan ezagun ditut

nik Azkorteko hor denak.

Euria sarri egiten du ta,

jendeak badiitu penak.

Autobusean ez dira joan

gaur etorritako denak.

Oraindik ere alerta daude

bertsoa maite dutenak.

 

Loidisaletxe:

Eguraldiak sortzen du hemen

dudik gabe hainbat kezka.

Besteak beste gaurko honetan

herrik kirolikan ez da.

Nola kanpoan agertzen zaigun

horrenbeste etsai ezta?

Eliz barruan hasi ta buka

egin beharko da festa.

 

Larrañaga:

Nahikoa labur gelditzen da, bai,

gaude aspertu samarrik.

Eta eleizan pausatzen degu

kantu ta une edarrik.

Herri kirolek ez degu izan,

ez dago esan beharrik.

Hemengo festa ia jarri da

aiton amonez bakarrik.

 

Loidisaletxe

Egia da bai, leku askotan

akordatua naiz ni re.

Eleiza eta ingurutatik

gazteak egin du aide.

Baina zeozer eman behar zaie

aitona amonari re.

Hauek e noski, badute ta

gaztek adina eskubide.

 

Larrañaga:

Egia da bai, arrazoi pixkat

edukiko dezu hortan.

Aiton amonak bakarrik sarri

juntatzen gera askotan.

Aste egunez eskolan edo

lanean dauden kasotan.

Gauean festa jarri beharko da

gazteak etortzekotan.

 

Loidiasaletxe:

Zerbait sumatu beharra dago

lepagaineko sapaian.

Hemen jendea aritu arren

denekin kunplitu nahian.

Denak etorri litezke hemen

festa giroan usaian.

Batzuk egunez besteak gauez

bakoitzak bere garaian.

 

Larrañaga:

Beti zertxobait sortu ohi degu

bata ez bada bestia.

Etorkizunik ikusi ezina

ez al da gauza tristia?

Eskerrak oraindik apaiza dagon

sasoikoa ta gaztia,

bestela oso motza litzake

hemengo festa guztia.

 

Loidisaletxe:

Zer egin hemen sasoi oneko

apaiza nonbaiten hor da.

Bere esaerez festa eguna

behar ligukena borda.

Umore biziz jendeartera

guregana badator ta,

baina seguru gauean ere

hura norabait joango da.

 

Larrañaga:

Hemen dagoen festa giroak

sarritan ohi nau larritu.

Urte mordoan banator baina

inguru dena urritu.

Bazkal garaian leno berrogei,

gaur hamarrekin gelditu.

Kulpa ez dakit zeinek dun baina

gauzak dira errenditu.

 

Lodisaletxe:

Pasadizua horrela doa

ta hortan gaude jakinik.

Ez dakit zeinek izango duen

hortarako zer esanik.

Len berrogei ta, gaurkoan igual

hamar-hamabi izanik.

Gaudenak al dan ondoen pasa

ez daukagu beste lanik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!