Urnietako nekazariek beren egun handia ospatu zuten

Xabier Lasa 2019ko mai. 16a, 16:49

San Isidro nekazarien egun handia ospatu zuten Urnietan asteazkenean. Tradizio bilakatu den egitarauari jarraitu zioten parte hartzaileek, Basarritarren Elkargoak antolatuta eta Udalaren laguntzarekin.

11:00etan meza egin zen San Miguel elizan, eta Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu bertsolariek parte hartu zuten. Ondoren, Lekaion, hamaiketakoa eta bertso saiorako txanda iritsi zen. Azkenik, denak bazkaritara abiatu ziren Oianume jatetxera.

Laburuk eta Gaztelumendik beren buruaz barre egiteaz gain Urnietako Alkatea eta apaiza ere zirikatu zituzten zenbait unetan Lekaion osatu zuten bertso saioan. Hona segidan, bertso saioko zenbait ale:

Agin Laburu:

Saio txikia izaten degu

guk urteroko baldintza.

Egun luzea izanagatik

ez degu hartzen paliza.

Orain saio hau egingo degu

lenoko meza baililtza,

tortilla eta txorixoakin

ta plastikozko kaliza.

 

Beñat Gaztelumendi:

Hemen gabiltza, beraz, kaliza

eskuartean hartuta.

Sagardo pixkat eman didate

ta ohartzerako buka.

Halare hemen jendea nunbait

ederki dago zainduta.

Apetitua gutxinez bate

etzaizu bajatu ta.

 

Agin Laburu:

Hona etortzen gerala, Beñat,

badituk bizpahiru urte.

Patxiren partez eskuminak e

eman behar genituzke,

eta gure meza txiki hontan

bentaja degu, ez uste.

Hemen guztiak eseri eta

altxa beharrik ez dute.

 

Beñat Gaztelumendi:

Esertzen eta jeikitzen hemen

eztegu izango lanik,

etzazuela pentsa mezetan

sarri ibiltzen geranik.

Halare lana egin dezagun

biok abilak izanik,

apaizarena zuk egintzazu

monagiluarena nik.

 

Agin Laburu:

Monagiluan papela ere

ez zait gaizki geratzen ño!

Baina behin etorri geranean,

Beñat, Urnietaraino

meza, apaiza, baserrritarrak

protagonistak gaurdaino.

Monagiluana hobeto egingo dek

baserritarrana baino.

 

Beñat Gaztelumendi:

Nere garaian egina nago,

Agin, baserriko lana.

Baina gerora egin nuenez

Donostia aldeko plana.

Monagilo ta apaizarena

egin degu erdi bana

ta alkateak egin dezake

Espiritu Santuana.

 

Agin Laburu:

Ederra bota dek orain Beñat,

espirituan faltan.

Alkatea gure atzean

lanetik ez dabil bakan,

bilera ba omen du ta

hemen daukagu nolatan.

Bera hor dago baina nork daki

espiritua non daukan.

 

Beñat Gaztelumendi:

Beti ibiltzen da espiritua

jartzeko borondatean.

Ez da errexa izan beharra

alkate hemen ta alkate han,

beti arduren, beti hitzaldien

ta beti kezken menpean.

Hiru bilera egiten ditu

bilera bakar batean.

 

Agin Laburu:

Hemen jendia bildu zaigunez

ez gerta eskuin aldera.

Zeozer entzun nahian ere

bildu dira mahaigainera.

Zu ta biok mikrofonotik

alkateaz ari gara,

irudi honek ez dirudi

kanpainaren hasiera?

 

Beñat Gaztelumendi:

Kanpainarako ez da izango

horren hizlari abilik.

Bakar-bakarrik atzian falta

lema txiki bat zintzilik.

Hamaiketako hontan pasa da

gauza berezi bat soilik:

bertsolariak kantuan baina

politikoa ixilik.

 

Agin Laburu:

Politikoa ixilik dago

eman nahi luke ordaina.

Hi eta biok halare orain

nola hartu degun gaina.

Bera erdian, gu albotara

jarri gaituk alajaina,

guardaespaldasak izan gintezken,

pintarik ez dugu baina.

 

Beñat Gaztelumendi:

Nik pinta handirik ez det horrena

eta Aginek ba te du?

Gu bi biok ezin gaitezke izan,

Agin, zaintzale eredu.

Halare hemen mikroa beste

askori kentzen diegu.

Alkateak ta apaizak baino

gehiago agintzen degu.

 

Agin Laburu:

Alkatea ta apaizai jarri

haiz orain, Beñat, begira.

Hik afirmatu egin dek baino

horrek bazeukak segida.

Apaiza ta alkatearen

aginte hortatik tira,

gehiago agintzen degula baino

hori asko edo gutxi da?

 

Beñat Gaztelumendi:

Asko edo gutxi den ez dakit ba

eta erantzun zergatik:

etzazu uste bide onera

goanez bide hortatik.

Edozer gauza botazen degu

mikrofono batetatik

Pixka bat gehiago agintzen degu

baina hobeto ez dakit.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!