Aurkaririk ez dute Urnietan

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 31a, 11:35

EAJ-PNVk gehiengo osoari eutsiko dio, 1500 botoekin eta 7 zinegotzirekin. EH Bilduk 838 boto jaso zituen, eta 4 zinegotzi eskuratu. PSE-EE berriro 2 zinegotzirekin geratuko da, 483 herritarren babesa jaso eta gero.

"EAJ-PNVk irabazi ditu hauteskundeak, honakoa noiz irakurtzen duzun berdin dio", Vocento taldean idazten duen Braulio Gomez soziologoaren analisiaren lehen parrafoa Urnietatik idatzita dagoela dirudi. Urnietatik eta Bizkaiko edozein herritik. EAJ-PNV eta bereziki Mikel Pagola Coca-colaren formula magikoaren jabe dira. Arrakasta ziurtatzen dien errezeta euren eskuetan dago. 

Maiatzaren 26ko Udal hauteskundeak egin ez balira, ez litzateke ezer gertatuko. Arinkeria da hori adieraztea, baina datuak eskuetan, emaitzak errepikatu egin direla dirudi. Portzentaia botoak ia-ia berdinak baitira. 2015eko gehiengo osoa errepikatzea ez da erraza inorentzat, eta EAJ-PNVk Urnietan lorpen handia erdietsi du. Gauza on asko ikusten dizkiote urnietarrek, horrelako babes zabala eskaintzeko.

Ikusmina, hala ere, handia zen. EH Bilduk hautes-zerrendan aldaketa handia egin baitzuen. Azken lau urtekoa zaila izan da eurentzat, politikarekin zerikusirik ez duten aldagaiak tarteko, eta Artola-Izagirre tandemari erreleboa emateko Ainara de Miguel aurkeztu zuten. Saiatu da kanpainan zehar parte hartzea sustatzen, baina azkenean herritarrek botoaren bidez hitz egin dute. 

PSE-EE alderdiak betiko bidetik darrai, Herme Gonzalez eta Consuelo Frutos ibilbide luzeko ordezkariak buru direla. Botoetan igo badira ere, ordezkaritza apala izaten jarraituko dute.

2015ean Aulki Zuriak hautes-zerrenda aurkeztu zenean, boto ugari jaso zituzten. Boto protesta delakoa ondotxo bereganatu zuten. Oraingoan, ordea, ez da horrelakorik eman eta askoz emaitza apalagoa lortu dute.

Aipamen berezia merezi du Elkarrekin Podemos alderdiak. Azken bi hauteskundeetan Batzar Nagusietan ehunka boto pilatu dituzte. Eta Espainiako Kongresurako 2015eko abenduko eta 2016ko ekaineko hauteskundeetan Urnietan garaile izan ziren. Udal hauteskundeetara, ordea, ez dute hautes-zerrenda aurkeztu. Soziologikoki, Urnietan ezkerreko joera politiko hori badago. Urnietan aurkeztu ez izanak mesede egin die hiru alderdi nagusiei. Hots, jeltzaileei, sozialistei eta ezker abertzaleari.

Mikel Pagolaren balorazioa

"Lehenengo eta behin, mila esker 1500 herritarrei EAJren proietuarekin sinesten jarraitzen duzuelako, eta horri esker datorren lau urtetan Urnietan egin beharreko gauza askori amaiera emateaz gain, beste berri askori ere ekiteko aukera eman diguzuelako.

1500 boto hauekin alderdiak 7 zinegotzi edukiko lituzke, EH-Bilduk 4 eta PSE-EEk 2, orain arte geunden bezala. Momentuz goiz samar da hitz egiteko, baina gure asmoa bakarrik gobernatzea izango litzateke. Hori bai, herrian garrantzitsuak diren proiektu estrategikoetan ahalik eta bateratasun handiena lortu behar dugu, ahalik eta alderdi gehienak ados jarri behar ditugu. Baina horrek ez du esan nahi guztiekin adostasunak lortu behar ditugunik; argi dauzkagu gure ideiak eta proiektuak, eta argi herritarrek ere beren konfidantza eman digutela, eta printzipio horiek aurrera ateratzen saiatuko gara. Gurekin lan egin nahi dutenek, hor izango gaituzte". 

EH Bilduren batzar irekia ostegunean

"838 gara, eta sare bat osatzea da gure asmoa. Herriko 838 ahotsen 4 bozeramaile izango gara. Lau urte ditugu aurretik lanerako, eta parte hartzea ardatz, herritarren herri bat dugu helburu. Hastera goaz, zatoz gurekin!". Urnietako EH Bilduk bilera irekia deitu du ostegun honetarako. Idiazabal kalean duten egoitzan hauteskundeen balorazioa egingo dute, 19:00tan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!