"Aurtengoa Euskadikorako puntuagarria izango da"

Olatz Lasa 2019ko eka. 8a, 12:16

Igande honetan, ekainak 9, Slalom proba ikusteko aukera izango da Erratzu industrigunean. 09:00etatik 10:00etara autoen azterketa egingo da, eta proba 10:30ean hasiko da. 

Laugarren urtez ospatuko da aurten Slalom proba. Indarra hartzen doan seinale...

Hiru urtez Gipuzkoa mailarako puntuagarria izan da, eta aurten Euskadi mailarako puntuagarria izango da. Gidari askok Euskadi mailan puntuagarria delako eman du izena.

Ez dakienarentzat, azalduko al zenuke zertan datzan Slalom probak?

Azkartasun proba bat da. Irabazteko gaitasuna eduki behar duzu, eta horretarako autoak teknikoki prestatuta egon behar du. Horrez gain, segurtasun aldetik federazioak neurri batzuk ezarri ditu, hala nola deskonektadore elektrikoa ipintzea. Istripua balego, kableak erre eta surik ez hartzeko autoa automatikoki gelditu egiten da.

Segurtasun neurri gehiago hartu ohi dira. Zeintzuk?

Eserlekua eta kaskoa araututakoa erabili behar da. Eserlekuaren kasuan, autoak dakarrena edota 'baketak' deiturikoak ipin daitezke. Azken horiek Nazioarteko federazioak araututakoak izan behar dute.

Zure kasuan, zer dela eta murgildu zinen Slalom munduan?

Slalom proban behin hartu dut parte, Urnietan lehen aldiz ospatu zenean. Aurten ziurrenik ez dut parte hartuko. Rally, Rallysprint eta igoeratan gehiago aritzen naiz. Ekainaren 1ean Rally Goilurrak proban hartu nuen parte, Lazkaoko Ikuilu Racing-ek eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiak antolatuta. Aurten ospatu da lehenbiziko aldiz. Ez nuen amaitzea lortu matxura baten ondorioz.

Etxetik datorkizun zaletasuna al da motor munduarena?

Txikitan motorrarekin, bizikletarekin…, gurpileko tramankuluetan ibiltzen nintzen. Anaiak eramaten ninduen rally lasterketak eta igoerak ikustera. Hortik datorkit zaletasuna. Bestalde, mekanikaria izandakoa naiz, eta lanbide horretan motorraren munduaz asko ikasi dut. Auto bat osatu dut, Seat Leon 1.8 T markakoa.

Beraz, autoari egin beharreko hobekuntzak etxean bertan egingo dituzu...

Bai. Eskulana nik egiten dut eta egin ezin dudana tailerrera eramaten dut.

Gizonezkoei zuzendutako kirol gisa ikusi ohi da autogintza. Emakumezkoen artean zaletasuna sumatzen al da?

Emakumeak parte hartzera animatzeko emakumeentzako saria sortu dugu. Rally munduan pixkanaka ari dira emakumezko gehiago animatzen, gidari laguntzaile gisa gehiago baina gidari gisa ere badaude batzuk. Urtero Bizkaiko Usansolo automobil-taldetik bizpahiru emakume etortzen da.

Zer ikusi nahi du hurbiltzen denak?

Azkartasunean eta teknikan dago gakoa. Batzuk ikuskizuna ematera etortzen dira, eta beste batzuk autoa probatzera.

Etorkizunera begira, eskuartean baduzue proiekturik?

Aurrera begira, inguruko mendietatik Rallysprint proba antolatzea gustatuko litzaiguke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!