Juankar Alberdi Martirena gogoan izango dute, larunbat honetan

Aiurri 2019ko eka. 14a, 10:06
Martirena. ©EuskalMemoria

Urnietako ezker abertzaleak larunbat honetan gogoan hartuko du espetxean hil zen herrikidea, San Juan plazan eguerdiko 13:00tan deitu duten ekitaldian. Ezker abertzaleak gutuna helarazi dio Aiurri astekariari:

"1988ko ekainaren 15ean hil zen Juankar Alberdi Martirena Herrera de la Manchako (Ciudad Real) espetxean. Ordurako, 9 urte zeramatzan kartzelan. 9 urte segurtasun handiko kartzela batean. 9 urte lehen graduan, salbuespen egoeran, araudiaren baitan, denboran mugatua ez ezik, arrazoitua ere behar duen egoeran. 

Mugarik eta arrazoirik gabekoa izan zen, ordea. Egoera horretan, ordu, egun, aste eta urte bakoitzak estu hartu zioten arnasa. Muturreko bizi baldintzen ondorioz, pixkanaka tenkatzen, urratzen joan zitzaion hatsa. Hausten. Erabat eten arte.  30 urte zituen. Familiaren esanetan, aldez aurretik bihotz-arazorik ez zuen inoiz izan. 

Espetxean hil zen bosgarren presoa izan zen Juankar, baina ez azkena. Zoritxarrez. 

Bertsio ofizialaren arabera, bihotz-gelditzea izan zen heriotzaren kausa. Berezko heriotza. Zigor-gelak, trasladoak, erasoak, mehatxuak, estresa, bakartzea, laguntza mediko eza edota urruntzea, hots, egunez eguneko heriotzaren benetako arrazoiei buruz aipamenik ez. 

31 urte geroago, egia jakin gabe jarraitzen dugu. Egia jakiteko eskubidea ezin uler daiteke informazio eskubiderik gabe, giza eskubideen urraketen ikerketa eraginkorrik gabe, hain zuzen, erreparaziorako ezinbesteko tresnak direlako. Egia jakiteko eskubideak gertatu zena, gertaera horietan parte hartu zutenak eta zirkunstantzia guztiak ezagutzea darama berekin. Egia berreraikitzea, minaren aurrean blindatzea eta memoria kolektiboa taxutzea  esan nahi du. 

31 urte geroago, bertsio ofizial hori bera aintzat hartzea da egia jakiteko oztopo nagusiena. 31 urte geroago, bertsio ofizial horri berari sinesgarritasuna ematen segitzea da aitortza ukatzeko aitzakia, eta, horrenbestez, erreparazioa atzeratzeko.

Gatazka politikoaren testuinguruan sortutako sufrimendu guztiak horren ondorio dira. Zentzu horretan, nahitaezkoa da ezagutzeaz gainera, horiek aitortzea eta erreparatzea. Biktima guztiek dute horretarako eskubidea. 

1988an bezala, oraindik orain indarrean dagoen espetxe-politika ankerraren biktima da Juankar. Bada aitortzeko garaia. 

Larunbatean, ekainaren 15ean, horixe aldarrikatuko dugu San Juan plazan 13:00etan egingo den ekitaldian".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!