"Entrenatzea gogoko dut, horixe nire ezaugarria"

Andoni Urbistondo 2019ko eka. 27a, 18:00
Unai Lizeaga urnietarra

Zikloturista eta korrikalaria. Sei ordutik behera bukatu berri du Quebrantahuesos proba, 25. postuan, bere bigarren parte hartzean. Korrika ere ibiltzen da, eta dagoeneko Behobia-Donostia buruan du

 

Hanka zuztarrak finduta ditu Unai Lizeagak (Urnieta, 28 urte). Pasa den larunbatean bigarrenez osatu zuen Quebrantahuesos delako klasiko zikloturista, Sabiñanigon. Sei ordutik jaisteko asmoa zuen, eta hala egin zuen, onenen pare lehiatuz. Kirolari aparta da Lizeaga, baina berak ez du halako katalogaziorik egitea nahi: “Entrenatzea gustatzen zaion kirol zalea baino ez naiz”.

Nondik dator zure harremana kirolarekin?

Futbolean ibili nintzen jubenil maila arte, eta gero korrika hasi nintzen. Sei Behobia-Donostia ditut bukatuak (1.12 denbora onena), eta beste hainbeste maratoi (2.50 denbora onena). 2014an hasi nintzen bizikletan ibiltzen, egun korrika baino askoz gehiago ibiltzen naiz bizikletan. Korrika oso tarteka egiten dut, euria egiten duenean.

Bizikletako zure lan entrenamenduak Strava plataforman ikus daitezke. Ordu asko egiten dituzu errepidean.

Asko gustatzen zait, eta denbora librea daukadanean, ibili egiten naiz. Stravakoaz, automatikoki igotzen dira nire entrenamenduak. Ez daukagu ezer gordetzeko.

Ez aspaldi bederatzi orduko entrenamendu bat publikatu zenuen; 275 kilometro, 29 kilometro orduko batez bestekoan. Hori ez du jende askok egiten… 

275 bakarrik egin izan ditut, baino 330 kilometrokoren bat ere egin izan dut, taldean. Irteten zara, kilometroak egin eta egin, eta ez nuen ahuldaderik sentitu, beraz aurrera. Demagun distantzia luzetan esprint motzetan baino hobeto moldatzen naizela.

1.90 metro luze, eta 65 kilo baino ez. Zaindu egiten al zara?

Bai, zaintzen naiz, baina obsesionatu gabe, noski. Parranda gutxi egiten dut, festetan edo egun berezietan baino ez.

Euskal Herrian zikloturista izan eta Quebrantahuesos klasikoa korritzeko grina bat datoz. Nola sortu zen zure istorioa?

Mendiko bizikletarekin ibiltzen ginen errepidean, duela bost bat urte, eta halako batean koadrilako norbaitek errepidekoa hartu zuen. Pixka bat ibiltzen hasi nintzen. Lehen urtean ukalondoa hautsi nuen. 2014a izango zen. Hasieran gutxi ibiltzen nintzen, hiru urtetik hona dezente gehiago. Quebrantahuesos-era apuntatu ginen, serioxeago entrenatzen hasi, eta iaz lehen aldiz korritu nuen, 6.04 denborarekin.

Ibili egiten zarela ikusita, gusturago ibiltzen al da pertsona? 

Bai, zenbat eta sasoi hobean egon, orduan eta gusturago ibiltzen da pertsona.

Mikel Iturria Euskadi-Murias taldeko lagunarekin entrenatzen duzu sarri. Hori ez du edozeinek egiten.

Beno, berarekin joaten naiz berak nahi duelako, edo entrenamendu lasaia duelako. Nahi duen tokian, nahi duen unean atzean uzten nau erraztasun handiz. Tarte handiagoa dago Iturria eta nire artean, nire eta beste edozein zikloturistaren artean baino.

Zerbait ikasiko zenuen profesionalen alboan entrenatzen, ezta?

Beti ikasten duzu zerbait, beraiek baino gehiago ez dakielako inork. Urteak daramatzate euren lanean. Estutzen laguntzen dizu, ihes egiten dizunean zirikatu bere bila abiatzeko… Bakarrik zoazenean joera amore eman eta lasaitzea da. Iturriarekin joaten naizenean beti ematen dit puntu bat gehiago. Saiatzen naiz puntutxo hori ematen, behintzat.

Quebrantahuesos bezalako proba batean posible al da gozatzea?

Batzuetan bai, besteetan ez. Juanma Garate zikloturistan gozatu nuen, baina Quebrantahuesos klasikoan ez. Hanketako mina eduki nuen, eta normalean ez dut edukitzen. Gero, ordu asko taldean ibili nintzen, eta ez nago ohituta. Horrek tentsio handia suposatzen du, baten eta bestearen gurpila zaindu behar hori…

Zer dauka Quebrantahuesos klasikoak, erakarpen hori edukitzeko?

Negozio bilakatu da, ahal duten diru gehien biltzen saiatzen dira, baina gen lehiakorra dugu gizakiok, eta lehiatzeko aukera ez dugunontzat kristoren aukera da. Toki edo proba ona da norberak bere muga ezagutzeko, eta bakoitzak nahi duen moduan egin dezake: bete-betean, lasai-lasai… Berekoikeria asko ikusi nuen pasa den larunbatean, indarrak gordetzeko helburu bakarra duen zikloturista on asko.

Sei ordutik behera jaisteko asmoarekin abiatu zinen. Denborak-eta ondo neurtu zenituen?

Banekien egin nezakeela, etxean egindako lan saioetatik neuzkan denbora erreferentziekin. Etxe inguruan Andazarrate, Bianditz eta Igeldo aldean ibiltzen naiz denborak-eta hartzen. Andazarrate 16 bat minututan igo izan dut denbora onena (profesionalek 13.30, azkenekoz Euskal Herriko Itzulia pasa zutenean). Bianditz 32.30 Iturriaren gurpilean, minutu bat gehixeago bera gabe. Neuzkan erreferentziekin banekien sei ordutik behera ibiliko nintzela, baina Hoz de Jacako aldapa jaitsi arte ez daukazu ziurtasunik. Azkenean 25. postuan sailkatu nintzen, 5.52.29 denborarekin.

Zein probak erakartzen zaitu, Quebrantauesos klasikoaz harago?

Alpeetakoak, Marmotte, edo Dolomitetako Maratona. Purito Rodriguezek antolatzen duenak ere bai, Andorran.

Ze plan duzu, orain, udari begira? Atseden pixka bat?

Deskantsurik ez! Beste probaren bat egingo dut, eta gero berriro korrika hasiko naiz. BehobiaDonostiarako izena eman dut dagoeneko. 

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!