Euskarari hauspoa emateko ekimen berria

Aiurri 2019ko uzt. 4a, 10:29

Urnietan, ostiral honetan, Kantazaun izeneko ekimen berria martxan jarriko dute. Euskara ardatz hartuta, euskal kantagintzaren bidez, herriko kaleak girotu nahi dituzte. 19:00tan irtengo dira San Juan plazatik, herrigunean zehar kantari aritzeko asmoz

 

Astelehen arratsaldean, Koldo Tapia Kantazaun taldeko kideak ekimenaren berri eman zien Euskadi irratiko entzuleei, Mezularia saioan Ainhoa Etxebeste aurkezleak eta Jon Ander Ubeda Aiurriko kazetariak egindako galderei erantzunez. Astelehen arratsaldeetan tokiko hedabideei tartea eskaintzen zaie, eta aste honetakoan Aiurri astekariak Kantazaun ekimenari gonbitea luzatu zion. Kantagintzaren bidez euskarari hauspoa eman nahi diotela aitortu zuen Koldo Tapiak, lehen lehenik: "Egoera oso berezia bizi dugu. Inoiz baino euskaldun gehiago gara, eta inoiz baino ahulago ote dagoen sentsazioa daukagu. Eta guk gure ekarpena egin nahiko genuke, eguneroko bizitzan erabilera sustatuz. Euskararen erabilera izan delako gure giharra, gure iraupenerako sustraietakoa. Gu ez gara euskararen salbazioa planteatzen ari. Bide asko egin ditugu mundu salbatu nahian, baina gauza txikiak baztertu egin ditugu eta hori berreskuratu behar dugu".

Euskara ahoan

Euskalgintzan eta kulturgintzan ibilbide oparoa egindakoa da Koldo Tapia. Erreferentzia handia da, atzoko eta gaurko euskaldunentzat. Unrnietan bizi denetik bere ekarpentxoa egin  du, gainerako euskaltzaleekin batera. Euskara erdigunera ekarri beharra dagoela tinko defendatzen du: "Euskara, eguneroko bizitza duen joko zelai horretan, espazioa galtzen ari da. Alde batetik, energia handia ipini dugu eskolan eta ikastoletan eskaini izan dadin. Hizkuntza baten oinarrizko funtzionamenduari erreparatzen hasita, deigarria da zein nolako erraztasunarekin pasatzen garen erdaraz egitera. Nik uste dut inertzia hori ez dela euskaldunok sortutakoa, euskaldunoi behartutako zerbait baizik. Aurrera egiteko beharrezkoa da norbanakoak erabaki-jokabide bat hartzea. Ahalegin berezia egin beharra daukagu euskara eguneroko bizitzan gure komunikazio elementu bilakatzeko". 

Ahaldundu beharra dagoela, alegia. "Euskaldunok, eta euskaldun zahar garenok, taberna batera edo denda batera sartzen garenean euskara ez badugu lehendabiziko hizkuntza bezala erabiltzen, oso gaizki gabiltza. Euskara egin behar dugu inongo konplexurik gabe, inongo lotsarik gabe. Zoritxarrez, erdaraz aritzeko joera hori oso zabalduta dago. Guztiok egiten dugu bekatu hori, ni neu sarritan lotsaturik geratzen naiz denda batera joan eta erdaraz hasten naizenean. Joera horrekin hautsi beharra daukagu".

Joera orokorraren aurrean, tokian tokiko arnasguneak

Erdarara igarotzeko joera orokor horri aurre egiteko, herritar  talde batek Urnietari begirako ekimena abian jarri du. Kantazaun izena du ekimenak, eta irailean hasita hileko azken ostiralean kantari arituko dira. Herritarrekin batera, Txanbolin elkarteko musikariak alboan izango dituztela iragarri dute.  Euskararen bidean, aletxoa ipini nahi dutela berretsi du Koldo Tapiak: "Urnieta bezalako herri euskaldun batean, erabilera maila baxua duen herri batean, euskarak kalean presentzia izatea nahiko genuke. Gure ekarpena oso xumea da, oso apala, baina esan ohi dudan bezala, gorputzak funtzionatu ahal izateko zelula guztiek ongi egon behar dute, armonian eta  funtzionamendu osoan. Hizkuntzarena gauza berdina da, eta guk ekarpena egin nahi dugu, zelula horietariko bat funtzionamenduan egon dadin. Hots, kantatzearena. Kantatzea gure ohituratakoa da. Ez dut esaten horrekin euskara salbatuko dugunik, ezta gutxiago ere. Baina gizarte bizitzan euskarak hor egon behar du".

Kantuzaleek ostiral honetan kantari ateratzeko aukera bikaina dute. 19:00tan, San Juan plazatik hasita.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!