Bilera irekia izango da eta herritar guztiek parte hartzeko aukera izango dute.
Udalak ohar bidez aurreratu bezala, "paisaiaren ekintza planaren helburu nagusietako bat Trankaxko erreka paisaia aldetik hobetzeko egin beharreko ekintzak ezartzea da, Ergoien industrialdetik, herrian duen ibilbidea eta ia Hernanirekin mugan dagoen errotaraino. Ibaiari lotutako konektibitate ekologiko eta paisaiazkoa hobetzea lortu nahi da. Paisaia Plana ez da araugintzako plan bat, baina zenbait gomendio emango ditu aztertutako eremuak garatzeko eta hobetzeko ibilbide-orri gisa. Espero da Urnieta jasangarriagoa lortzeko bidean zenbait proposamen zehatz barneratuko dituen plana urte amaierarako amaituta egotea".