“Hilketa bat izan zen, neurriko zigorra eskatzen dugu”

Andoni Urbistondo 2019ko ira. 14a, 06:56
Joana, Elena eta Juanjo, Asier Nieblaren anai-arrebak eta ama.

Abuztuak 12, urriak 12…, inoiz ahaztuko ez dituzten datak dira Niebla-Martinez familiarentzat. Familiak justizia eskatzen du, epaiketa noiz hasiko zain diren bitartean. Elena ama, Juanjo anaia eta Joana arrebarekin elkartu da Aiurri, Asier Niebla hil zela 11 hilabete bete direnean.

Abuztuaren 12an, Asier Niebla gaztea Donostian zegoen, parrandan, neska batekin hitz egiten. Mutil batek sekulako kolpea eman zion buruan, eta bi hilabete geroago hil egin zen. Familiak justizia eskatzen du, zigorrik handiena, erasotzailearentzat, eta ekintza hura genero indarkeria gisa hartzea, erasoa jelosiak eragin baitzuen. Epaiketaren zain dira, etapa bat itxi eta bestea hasteko. 2020an izan daiteke. Aiurriri eskainitako elkarrizketan, erakunde eta urnietarren babes handia eskertu nahi izan dute.

Samina sumatzen da Juanjo Nieblak Lizardi kalean daukan lokalean. Asier Nieblaren anaia da, 11 hilabete atzera hil zen Urnietako gaztea. Osoago ikusten zaie Juanjo eta Joana anai-arrebei. Elena Martinez amak lanak ditu bi esaldi segidan botatzeko, malkotan hasi gabe. Oso presente du, oraindik, semearen heriotza. “Gaizki gaude, oso gogorra izaten ari da. Prozesua ez da itxi. Justizia nahi dugu. Bizkarretik egin zioten eraso, defendatzeko batere aukerarik gabe. Ez zen liskarrik egon, ez ezer, ukabilkada bat eman zioten eta kito”. Eskatu gabe, semea nolakoa zen azaltzen hasi da ama. “Pertsona ona zen, maitekorra, ilobek asko maite zuten. Zer esatea nahi duzu ama batek? Niretzat mutil onena zen. Erail zutenean lagun eta familia guztia azkar batean etorri ziren, batzuk Txinatik ere bai. Zerbaitegatik izango da. Asko maite zuten”.

Momentuko egoera zein den azaldu du Juanjo anaiak: “Zauria ixtea ezinezkoa izango da, ez baita inoiz itxiko. Anaia ez da itzuliko, eta justizia bete-betea izatea ezinezkoa da. Zer nahi dugu familia bezala? Ba anaia kolpatu zuen pertsonak dagokion zigorra ordaintzea”. Zorretan sentitzen dira Asierrekin, eta “gauzak ondo egin eta epaiketa justu bat lortzeko borrokatzea baino ez zaigu geratzen, erasotzaileari ahalik eta zigor handiena jar diezaioten. Anaiak ez zuen batere aukerarik izan defendatzeko, ez zuen ikusi zer zetorkion, eta haren ordezkari gara orain”. Joana arreba ere argi mintzo da: “Garbi daukagu. Erailketa bat izan zen, aldez aurretik prestatua edo pentsatua. Erasotzaileak bazekien zer egin, non jo, min handiena egiteko”. Juanjok arrasto gehiago: “Ezin dugu gauza askorik esan, badaezpada, baina erasotzailea Asier zaintzen ari zela susmoa dugu, eta hortik, erasoa aldez aurretik prestatu zuela pentsatzea. Lekukoak ere badaude, haiei euren prestutasuna eskertu behar diegu”.

Ez daukate informazio zehatzik epaiketari buruz: “Abokatuak esan digunez, kasua ez da itxi oraindik, eta ez daukagu datari buruz berririk”. Aurten ez dela izango ziur dira, agian hurrengo urtean izan liteke. Zinpeko epaimahaia izango dela badakite, behintzat. Erasotzailea kartzelan dago, baino bi urte betetzean behin-behineko askatasuna lor dezake. “Guretzat kolpe gogorra izango litzateke”, dio Elena amak. Joana arrebak eskaera bat egiten du: “Justiziari gure tokian jartzeko eskatuko nioke. Dolua pasatzen ari gara Asier erail zutenetik, eta pasako dugu, gure bizitza osoan, baina epaiketa egin eta zigorra jakin ostean, bera gabe bizitzen ikasten hasteko aukera izango dugu. Ordura arte ez”. Bere egoera pertsonala deskribatu du, samurra ez. “Pastillak hartu behar ditut lo egiteko, amesgaizto latzak ditut, esnatu eta anaiaren hilketa amets bat izan zela pentsatuz, baina esnatu eta gertatu egin zela jabetzen zara. Egunero bueltak eman eta eman ari gara, epaiketak eta epaiak arinduko al digute, apur bat, gure mina. Etapa bat itxi, beste bat hasteko. Zauria ez da itxiko, inoiz”.

Juanjo anaiak pentsatu ere ez du egin nahi erasotzailea libre irtetea bi urteko espetxe aldia pasa ondoren: “Pentsa kalean ikusten dugula… Ezin duzu ezer egin, erruduna bilakatzen zarelako, baina gizakiak gara… Gertaerak garbiak dira, gure ustez, eta horregatik dago eta egon behar du erasotzaileak kartzelan”. Epaiketa kontuez gain, mediatikoki euren kasua zabaltzeko ahalegina ere egiten ari dira: “Oihartzuna eman nahi diogu Asierren kasuari, zeren iaz nire anaia izan zen, baina halako gauzak edozeini gerta dakizkioke. Nik semea eta alaba ditut, eta beldurtuta nago, zer gerta dakiekeen parrandara ateratzen direnean”. Eztabaidak denek eduki ditugula dio anaiak, “baina puntu horretaraino, jelosiagatik erailtzea, eta ihes egitea…”.

Genero indarkeria

Niebla-Martinez sendia Asierren erailketa genero indarkeria izan zela frogatzen saiatuko da, egun, legeak, gizon batek beste bati egindako erasoa genero indarkeria denik jasotzen ez badu ere: “Erailketa eskatzen dugu, eta ondoren, genero indarkeria astungarri moduan, Asier erasotzailearen neskalaguna izan zenarekin hitz egiten ari zelako. Beste pertsona batekin hitz egiten aritu izan balitz, ez zuen erasoko, eta horrek, guretzat, genero indarkeria frogatzen du. Asierrek ez zuen erasotzailea ezagutzen, baina erasotzaileak Asier, aldiz, bai”, dio Joanak.

Asier genero indarkeriaren biktima izan zela lortzeko jardunean jakitun dira eurek bakarrik ezin dutela lan hori egin, “burokrazia handia eskatzen duelako. Ari gara galdetzen, han eta hemen, nola egin daitekeen. Familiak Urnietako Udala eta Mikel Pagola alkatearen laguntza ere eskertu
nahi du, baita herritarrena
ere: “Oso babestuak sentitu gara”.

Halako gertaerak zergatik gertatzen ote diren galdetuta, hausnarketa hau egin dute. Juanjok, aurrena: “Heziketa kontua izango da, noski, baina ez dakigu erasotzaileak zein heziketa jaso duen, jaso badu. Eta heziketa faltagatik ere ezin duzu erasotzaileak jokatu duen bezala jokatu. Gainera ihes egin zuen, eta erasoa egin zuenik ukatu. Denok hartu dugu noizbait koparen bat parrandan, eta ez gaituzte modu horretan kolpatu. Asier anaiari bai. Zergatik gertatu da? Gure anaiak ordaindu du, baina beste edozein izan zitekeen, erasoa egin zuenak bere neska lagunarekin hitz egiten ari zen edonor kolpatu eta mina egiteko borondatea zeukalako”. Joana arrebak segida: “Bi alaba ditut, anaiak semea eta alaba, eta guraso bezala, ulergaitza egiten zait jendartean halako jarrerak ikustea. Pertsona hori biolentoa da, arriskutsua. Nire familian ez dut inor halakorik egin dezakeenik sumatzen. Gaizki ari gara, baino ez dakit zergatik den”.

Epaiarekin zalantza

Egun indarrean dauden legeak ikusita, gerta liteke espero dutena baina zigor apalagoa etortzea, “homizidiotzat hartzea, adibidez, eta ez erailketa bezala. Familia gisa, gure zeregina da hiltzailea borroka-arteetan iaioa zela frogatzea. Asier zainduta ote zeukan frogatzea, zergatik kolpatu zuen, eta zergatik zeukan hainbesteko mina egiteko intentzioa”, dio anaiak. Legea epe laburrean aldatzea zaila izanen dela badaki: “Zigorra gehienez 15 urtekoa izan daitekeela susmatzen dugu, eta horrek 10-12 urte barru kalean egon daitekeela esan nahi du. Gu betirako zigorrak bakarrik aseko gaitu, baina hori ezinezkoa da, egungo legedia aintzat hartuz. Zigorra bete eta kalera irteten bada, jendartearekin zorra beteta irtengo da, baina gurekin daukan zorra ordainezina da”. 

Diana Quer, erail zuten emakumearen aitak esan zuenarekin bat egiten du arrebak. “Guri, familiari, bizitza osorako kaltea, mina eragin digu hiltzaileak, eta berarentzat tamainako zigorra eskatzen dugu: bizitza osorako zigorra. Guk Asier gabe bizitzen ikasi behar dugu, nire alabei zer esan pentsatu egunero, osaba non dagoen galdetzen dutenean, edota hazten direnean osabari zer gertatu zitzaion azaltzen diegunean…”.

Epaiketan Asier senidea hil zuen pertsona ikusiko dutela badakite. Ze erreakzio espero dute? Joanak ez du pentsatu ere egin nahi zer gerta daitekeen hiltzailearekin parez pare aurkitzen bada. “Gaur ez daukat tenplerik erasotzailea ikusteko. Amorratuta nago, nahiago dut anaia hil zuen mutila ez ikustea. Niretzat ez du ezer merezi, basati bat da, eta ezin zaio pertsona deitu. Bizitza hautsi digu. Epaiketara joango naiz, dena den”. Elena amak, aldiz, zintzo esaten du bere semearen hiltzailearekin solasaldi luzea eduki nahiko lukeela: “Zergatik egin zuen egin zuena, zer sentitzen duen orain…”. 11 hilabeteko drama lehenbailehen bukatzeko eskatuz agurtu dira hiru senideak.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!