Herri omenaldia Mikel Iturriari

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 19a, 13:28

Espainiako Vueltan lortutako garaipen ikusgarriaren ondoren,
asteburuan bi herrietako txirrinduzaleen txaloak jasoko ditu. Ostiralean Urnietako lagunek eta txirrinduzaleek omenduko dute, eta larunbatean Andoaingoek.

Ospeak protagonistaren zereginak biderkatu ohi ditu. Espainiako Vuelta amaitu bada ere, Mikel Iturriak atseden hartzeko nahikoa tarterik ez du izan. Hedabideei elkarrizketak eskaini, proposamen ezberdinei arreta jarri..., aspertzeko tarterik ez dute izan Iturriak eta bere inguruak. Horixe da ospearen zama.

Astearte iluntzean Iturriaren koadrilakoek lehen omenalditxoa eskaini zioten, San Juan plazan. Agurra dantzatu zioten, txapela jantzi eta bertso batekin amaitu zen ospakizuna. Ez da jasoko duen emanaldi bakarra izango, emozioz beteriko asteburua datorkio urnietarrari

Omenaldia Urnietan, ostiralean arratsaldeko 18:00tan hasita

Herri omenaldia egingo diote ostiral honetan, arratsaldeko 18:00tan San Juan plazan. Talde ezberdinek bat egingo dute Iturriari gorazarre egiteko.

Andoainen bigarren omenaldia, 12:00tan Zumea plazan

Udalak antolatutako "Mugitu Andoain" ekimenaren baitan, haur eta gazteek Iturriarekin batera bizikletan ibiltzeko aukera izango dute. Goikoplazatik Trentxiki aldera abiatuko dira, goizeko 10:00tan. 12:00ak aldera Zumea plazara iritsiko dira. Azken zatian Mikel Iturria batuko zaie. Plazan bertan, Txirrindulari eskolak eta Udalak omenduko dute.

Erlazionatuak

Lagunen ongietorria Mikel Iturriari

Jon Ander Ubeda 2019 ira 17 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!