Sanmielak 2019

Txupinazoa bi kirolari handiren eskutik

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 26a, 12:54

Jokin Lizeaga korrikalariaren bidetik, aurtengoan ere jai batzordeak kirolariei arreta berezia eskaini die. Julen Gabirondo segalaria eta Nahikari Garcia futbolaria izango dira jaien hasierako pregoia bota eta suziria botako dutenak. 19:30tan izango da, Urnietako udaletxeko balkoian.

Jokin Lizeaga, Julen Gabirondo, Nahikari Garcia, Mikel Iturria... Urnietak urrezko aroa bizi du, goi mailako kirolariei dagokionez. Kirolari saiatuak dira guztiak, bakoitza berean goi mailan dabilena. Eta behin baino gehiagotan poz handia emandakoak, herriari eta euskal zalegoari.

Gabirondo segalaria onenen artean dabil. Iaz abuztuan lortu zuen Euskal Herriko txapelketa ez du sekula ahaztuko. Asteasuko sailetan gailendu zen, eta emozioari eutsi ezinik izan zen. Hil berria baitzen Mikel Garaialde auzotarra eta laguna. Merezitako aitortza jasoko du, aurtengo jaietan.

Nahikari Garcia futbolaria oso gaztea da, baina dagoeneko elitean eskarmentu handia du. Errealeko ikurretakoa da, eta Espainiako selekzioan lekua hartu du. Aurreko denboraldia gogoangarria izan da, Erreginaren Kopa lortu eta gero Frantzian antolatu den Munduko txapelketan jokatu baitu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!