Xoxokako festak 2019

Herri kirol lehia Xoxokako jaien hasieran

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 7a, 21:12

Xoxokako jaiak herri kirol erakustaldiarekin abiatu dira. Telleria, Urra eta Mugertza anaiak proba ezberdinak egiten jarri dituzte.

Beñat Telleria (23 urte) 150 kiloko harri zaharrarekin hasi da, eta 2 minutuko epean 5 jasoaldi egitera iritsi da. Segidan, Mikel Lopetegi 'Urra' (23 urte), Gipuzkoako eta Euskadiko harri txikien txapelduna. 125 kiloko zilindro zaharrarekin 12 jasoaldi egin ditu, 2 minutuko epean.

Aratz (31 urte) eta Ugaitz Mugertza (32 urte) anaiak egurrarekin kolpeka hasi dira, eta Ugaritzek 51 kolpe behar izan ditu enborra mozteko. Anaiak bat gehiago, 52.

Harriarekin jarraitu dute Telleriak eta Urrak. Telleriak 122 kiloko harri baldarrarekin 9 jasoaldi egin ditu 2 minutuko epean. Jasoaldi kopuru bera egin du Urrak, 115 kiloko harri baldarrarekin.

Harritik egurrera pasaz, egurra nork lehenago moztu aritu dira Mugertza anaiak. Ugaitzek 1:15 minutu behar izan ditu, eta Aratzek 1:18 minutu.

Proba konbinatua

Ugaitz Mugertza-Beñat Telleria eta Aratz Mugertza-Urra aurrez aurre jarri dituzte antolatzaileek. Harriarekin, egurrarekin, trontzan eta korrika elkarren aurka aritu dira eta oso alde gutxiagatik Aratz Mugertz-Urra bikotea nagusitu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!