Gobernu ardurak dituen EAJ-PNV alderdiaren balorazioa

Aiurri 2019ko urr. 22a, 20:11

PSE-EEren eta EH Bilduren agerraldien ostean, Urnietako EAJ-PNV alderdiak agintaldi berriko lehen ehun egunen balorazioa egin du: "Legegintzaldi honen hasierako balorazioan jarraikortasuna nabarmendu behar dugu".

"Ekaina amaieran, Udaletxeko batzorde desberdinen osaketa onartzeko egindako Udalbatzaren ondoren, lanean jarri ginen berehala. Hobe esanda, lanean jarraitu dugu. Aurreko legealdiarekin ez baitugu etenik izan. Lanean abian zeuden eta amaitu gabe genituen hainbat proiektu ahalik eta lasterren betetzeko, eta baita, 2019 - 2023 legealdiko ardatz izango den “Legealdi plana” osatzeko ere. Garbi baitugu, 4 urteetarako ibilbide bati begira bideratu behar dugula legegintzaldia.

Azaroa amaitu aurretik Legealdi Plana onartua izango du Urnietako Udalak, eta urnietar guztiei helaraziko zaie zein izango diren helburu estrategikoak eta horiek bideratzeko 4 urteetan landuko ditugun ekintza hildoak.

Aurreko legealdian bezala Urnietako Udalak hiru sail handitan banatuta egoten jarraitzen du: Antolakuntza, Herritargoa eta Lurraldea. Arlo bakoitzeko arduradun politikoek urte honetarako dauden helburuak betetzeko lanari ekin diote.

Herritargo mailan ekintza nagusia Sanmiel jaien antolakuntza izan dugu. Horretaz gain, hezitzaileek duten espazioaren egokitzapena burutu dugu eta emakumeen jabetzea indartzeko eta parte hartze soziopolitikoa bultzatzeko “Jabetze eskola” martxan jarri dugu.

Lurralde mailan berriz, Babiloniko eremuan 340 etxebizitza garatzeko urratsak eman ditugu. Eteneta eta San juan elkartuko dituen igogailuari dagokionean, hilabete honen bukaeran igogailu aurrean dauden kableak kenduko ditugu, eta segidan, estruktura metalikoa muntatzen hasiko gara. Landagunean ere ipini dugu arreta hainbat mendi- bide asfaltatuz. Azkenak, Goibieta-Kintalanea ingurukoa eta Larburugain-Antso artekoa. Halaber, edukiontzi marroia bertara zabaldu dugu hondakinen kudeaketan beste pauso bat emanez. Arlo horretan, garrantzitsua izan da baita, organikoaren poltsak jasotzeko ordutegia zabaldu izana Lekaion ipinitako makinaren bidez. Irisgarritasun arloan ere zenbait hobekuntza gauzatu ditugu: hala nola, Pintore kaleko espaloien beheratzea zebra-bide berri bat eginez, Maximo Yurramendi kaleko espaloia zabaltzea edota Itxaspe aurreko zebrabidea egokitzea. Halaber, Zelai Alde plazako eskailerak berritu dira.

Antolakuntzan ostera, Udalera sartu diren zinegotzi berriei informazio eta trebakuntza eskaini zaie, 2020ko ordenantza fiskalak prestatu dira eta 2020ko aurrekontuen lanketa egiten ari gara.

Bestalde, Urnietan egin beharreko proiektu garrantzitsu batzuen kontratazio mahaiak irekita dauzkagu, azken esleipena egiteko zain. Egun hauetan jakingo da, Udal kiroldegi berria zein enpresak egingo duen (bitartean igerilekuan egin behar ditugun aldaketak hasiak dauzkagu). Laster ezagutuko da baita, Jubilatuen Elkartea dagoen eraikineko eraberritze obrak nork egingo dituen.

Beraz, laburbilduz, lanean diardugu. Herritarren beharrak kontutan hartuz. Urnietarren bizi kalitatea hobetzeko, herrian eskaini behar ditugun zerbitzu eta baliabideak bermatzeko helburuarekin".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!