Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak Adarrazpi gaztandegira bisita berezia antolatu du

Mikel Arberas 2019ko aza. 7a, 18:51
Aita-semeak euren ardiekin errepidean zehar

Bisita goizeko 11:00etan hasiko da eta ordu t´erdiko iraupena izango du. Gaztagileen sekretuak jakiteko prezioa, berriz, 9 eurokoa da helduentzako eta 4 eurokoa 4-12 urte bitarteko haurrentzako.

Azaroaren 16ean Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak Adarrazpi gaztandegira bisita berezia antolatu du. Urnietako Goiburu auzoan kokatua dagoen Adarrazpi baserrikoak artzainak eta gaztagileak dira. Bisita egitera animatzen direnek aukera izango dute gazta nola egiten den ikusteko, eta arkumeak eta latxa ardiak ukitzeko.

Ordu eta erdi inguruko bisitan, ardi latxaren ezaugarriak eta bizi-zikloa azalduko da. Jarraian, ardiak jezteko gunea eta prozesua erakutsiko dira. Ardi-esnearekin elikagai-eraldaketa tailerra ere egingo da (mamia edo gazta freskoa). Gazta dastaketarekin amaituko da bisita. Edonorentzat dago zuzenduta bisita eta aurretik izena ematea beharrezkoa dela jakinarazi dute.

Horrez gain, nahi duenak bertan bazkaltzeko aukera izanen du; ardi-esnearekin eta arkumearekin eginiko askotarikoak produktuak dastatzeko aukera izango dute. Menuak 32 euro balio ditu eta 12 euro 10 urte artekoentzat. Izena emateko 943 49 50 69 / 688 89 50 68 telefonoetara deitu edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net postara mezu bat bidali.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!