Alazne Maneroren omenezko kontzertua

Xabier Lasa 2019ko aza. 14a, 16:25
Ezeiza, Garcia eta GorroƱo San Miguel elizako entsegu batean.

Aurrera Gure Ametsa dantza taldearen sustatzaile nagusi izandako Alazne Maneroren omenezko kontzertua eskainiko dute ostiral honetan, San Miguel elizan. Musikari lanetan arituko dira Haritz Ezeiza, Bittor Carrera eta Ana Belen Garcia.

Dantza taldearen 20. urteurrena ospatzen ari dira, urte osoan zehar. Hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta ostiraleko kontzertuak aparteko esanahia hartuko du bere kide guztientzat: Ekainaren 17an zendu zen Alazne Manerori gorazarre egingo diote, taldearen sorreratik bultzatzaile nekaezina izan zen heinean.

Dantza taldeko kide den Idoia Gorroñoren hitzetan, “Euskal musika eta dantza tradizionalen zale amorratua zen, eta bere ametsetako bat Euskal Herriko zenbait musika tresnekin estilo barrokoko kontzertua osatzea izan zen azken urtetan. Kontzertu hori antolatzea izan daiteke egin diezakioegun omenaldirik politena”.

Haritz Ezeiza, Bittor Carrera eta Ana Belen Garcia musikariek eskainiko dute kontzertua. Ezeiza hernaniarrak adierazi duenez, “Konposatzaile famatuen (Vivaldi, Haendel...) obrak transkribitu egin ditugu, txistura eta dultzainera erakartzeko. Pieza horiek ez ziren euskal tresnekin jotzeko sortu, eta beraz, egokitzapen lana egin behar izan dugu”. Hiru musikariak koroan bertan arituko dira. Aipatu hirukotearen esku geratuko da emanaldiaren lehen zatia. Bigarren zatia, berriz, euskal dantzekin aberastuko da. Aurrera Gure Ametsaren eskutik, Alazne Maneroren omenez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!