Ederra izan da, beste behin ere

Xabier Lasa 2019ko abe. 4a, 16:48
Berrogei lagunetik gorako gizataldeak osatu du "Soinuen Begiradak" ikuskizuna. Hiru saioetan ikuslegoaren txalo zaparrada jaso zuten, emanaldiaren amaieran

Testu, irudi, dantza eta musika ederrez jantzitako “Soinuen Begiradak” ikuskizuna eskaini zuten, Sarobe antzokian. Egape dantza taldeak, Anabas eta Txanbolin taldeekin batera, ikuskizun bikaina antolatzeko gaitasuna badutela erakutsi dute.

Sarrerak agortzea lortu zuten azaroaren 30ean iragarritako hiru emanaldietarako. Egiazki, kalitate handiko sormen-lanarekin gozatu ahal izan zuten ikusleek; urnietarrek urnietarrentzat egindako harri-bitxi polit eta gozagarria izan zen zinez.

Eguzkiak goizetik ilunabarrera bitarte egiten duen ibilbideari jarraituz, Urnietako udalerrian topa daitezkeen hainbat leku fisiko eta elementu esanguratsuen eskutik doa ikuskizuna. Beti ere ikuspuntu sinboliko eta majikoa nabarmenduz. Adarramendi, Eteneta, Sansonarri, Ayerdi etxea, Idiazabal kalea eta Zaldundegi etxea, Buruntza… Denek ere badute zertaz mintzatua, historian zehar denak izan baitira urnietarren arbasoek eta Urnietako herriak jasan duten eboluzio historikoaren lekuko pribilegiatuak. Argazki zahar zein berriekin, eta dron baten laguntzarekin hartutako irudi biziekin eboluzio horren nondik norakoa oso garbi geratzen da.

Sormen lan kolektiboa

Pieza ugariz osatuta dago “Soinuen Begiradak” ikuskizuna, eta guztiak ordenan jartzen lan bikaina egin du Mikel Agirregomezkorta zuzendariak. Pieza horiek denek ere ezin zorrotzago betetzen dute beren funtzioa. Jon Unanue da denbora guztian ikuskizuna ikuspegi majiko batez kutsatzen duten testuen egilea. Aner Unanuerenak dira, berriz, pantailan ikusten diren airezko irudi biziak.

“Soinuen Begiradak” ikuskizuna testu eta irudiez gain, doinu gozagarri eta dantzagarriez aberasten da. Musikaren arloa ederki asko bete dute Txanbolin txistularien bandako eta Anabas musika taldeko kideek, abesti eta pieza polit eta biziak eskainiz.

Aldi berean, nabarmentzekoa ere bada Edu Murumendiarazek egin duen lana, perfekzio handiz jakin izan baitu koreografia doinuetara egokitzen; eta zer esanik ez bere agindutara jarri diren dantzarien interpretazio bikaina.

Urnieta kultur mailako sortzaile asko dituen herria da, eta horiek elkarlanean jartzeko abiltasuna erakutsiz gero, kalitate handiko emaitza ikusgarriak eta gozagarriak lor daitezke. Horixe erakutsi dute, beste behin, 'Soinuen Begiradak' ikuskizuneko bultzatzaileek.

Lagun askoren laguntzari esker atera da aurrera saioa:

Fitxa artistiko-teknikoa
Ideia: Antton Jauregi.
Gidoia: Jon Unanue.
Musika zuzendaritza: Antton Jauregi.
Dantza zuzendaritza eta koeografiak: Edu Muruamendiaraz.
Eszena zuzendaritza: Mikel Agirregomezkorta.
Argiztapen eta soinua: Pablo Lusarreta.
Artelana: Jon Jauregi.
Musika sorkuntzak: Antton Jauregi, Xabi Ubillos.
Berrasoeta kantuaren hitzak: Jon Garmendia.
Argazkiak: Aitor Regillaga.
Animazioa: Eneko Salaberria.
Dron irudiak: Aner Unanue.
Bideo edizioak: Asier Manso.
Jantziak: Enkarni Cuesta.
Ekoizpena: Egape dantza kultur elkatea.
Dantzariak: Ainhoa Arruti, Alba Quel, Amets Orbegozo, Ane Etxeberria, Anne Elustondo, Eider Manterola, Garazi Urdangarin, Ioritz Lizeaga, Irati de Torres, Irati Iginitz, Karmele Lekuona, Maddi Ibañez, Maider Artetxe, Nahikari Sanchez, Naia Lusarreta, Saioa Urbistondo, Uxue Sanchez.
Musikariak: Kristina Solano (Trikitixa), Antton Jauregi (Txistua eta Xirula), Fermin Zinkunegi (Akordeoia eta Abeslaria), Xabier Ubillos (Kitarra), Felipe Ugarte (Hang eta txalaparta), Eneko Salaberria (Baxua), Helena Roguska (Bibolina), Jon Jauregi (Tronpeta eta kitarra), Peio Artetxe (Bateria), Izaskun Etxeberria (Teklatuak), Ana Pozas (Abeslaria), Xabier Leturia (Perkusioak), Paula Sanchez (Bibolina), Nora Lekuona (Bibolina), Sara Gabellanes (Bibolina) eta Juanjo Niebla (grabazioak).
Narratzaileak: Jon Unanue, Koro Berasategi, Alba Cabrera eta Julio Nogales.
Laguntzaileak: Urnietako Udala, Oianume, Druck eta Urnietako udal artxiboa.

Antolatzaileen balorazioa

Antolaketa taldearekin harremanetan, balorazio oso baikorra egin diote Aiurriri. Hasteko eta behin, egun berean hiru saio egin zituztela azpimarratu beharra dagoela uste dute: "Bi saiorako prest geunden, eta sarreren eskaera hain handia zela ikusita, hirugarren saioa antolatu behar izan genuen. Esfortzu handia egin zuten denek, bereziki taula gainera igo zirenek. Soinuen Begiradak ikusi nahi izan zuenak ikusteko aukera izan zuela esan genezake. Beraz, oso pozik gaude". Denbora tarte txikian lan asko egin behar izan zuten. Hori dela eta, 19:30tako hirugarren eta azken saioa hamabost minutuko atzerapenarekin hasi zen. Beharrezkoa ikusi zuten, musikariek eta dantzariek bereziki arnasa har zezaten. Azaroaren 30ekoa aurreko asteetako prozesu emankorrari amaiera eman zion. Bi egun lehenago, entsegu orokorra egin zuten. Birritan egin zuten muntaia osoa, eta xehetasun teknikoak lotzeko bereziki izan zen garrantzitsua. Ikuskizuna abian jarri zutenean antolatzaileek euren buruari jarritako helburuak bete ote diren galdetuta, erantzuna baiezkoa da: "Ikuskizunarekin ikuslegoak tarte atsegina igarotzea nahi genuen, eta lortu dugulakoan gaude. Argazki zaharrek eragin handia izan dute, bereziki iraganeko Urnieta ezagutu zuten adinekoengan. Oso pozik gaude ikuslegoaren aldetik jasotako erantzunarekin. Ikuskizuna aurrera eramateko dagoen lan guztia eta ilusio guztia gradaraino iritsi dela nabaritu dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!