“Pertsonak elkarrekin dantzatzeko gai badira, elkarrekin bizitzeko gai ere badira”, horixe da egitasmo pedagogiko honen oinarrian dagoen esaldia. Dantzak gazteengan eragin positiboa duelakoan, Wilfried van Poppel eta Amaya Lubeigt dantzari eta koreografoek sustaturiko "5 Days to dance" egitasmoak ikasleen garapen pertsonala eta soziala aberastu nahi du. Ikasleek aste honetan ikasketak alde batera utzi dituzte, dantzan burubelarri murgiltzeko. Ostiral honetan, Saroberen urteurreneko ekitaldien artean, aste osoan zehar landutakoa jendaurrean eskainiko dute. Ikuskizunak "Etxean, bai goxo etxean” du izena eta errefuxiatuei, etorkinei eta muturreko arrazoiengatik alde egin eta euren etxetik urrun etxebizitza berria eraiki behar duten pertsonei eskainita dago. Sustatzaileek horrela adierazi dute: "Seguru eta maitatuta bizitzeko etxe baten parte izatearen sentimenduari dei egiten diogu, ingurune errespetatu eta partekatu batean, familian zein gizartean. Koreografia honekin nahikoa da! esan nahi dugu. Errespetuaren, maitasunaren, harmoniaren eta bizitzearen alaitasunaren alde borrokatu nahi dugu".