Garaño, Arregi eta Goenagaren parte hartzea Saroben

Aiurri 2019ko abe. 14a, 12:00
Jon Garaño.

Igandean "La trinchera infinita" filma eskainiko dute. Hirurak Urnietako zinema eskolako ikasle ohiak dira.

Sarobeko egitaraua borobiltzeko, igande honetan "La trinchera infinita" film ezagunaren zuzendariak Urnietara hurbilduko dira. Arratsaldeko 18:00tan hasiko da emanaldia, eta sarrera leihatilan bertan edo internet bidez erosi ahal izango da.

Igandeko saioaren eta urteurrenaren harira, Jon Garañok Urnietako ikasle garaiak gogoan hartu zituen Euskadi Irratiko Amarauna saioan. Alba Cabrera urnietarrak egindako erreportajean zera adierazi zuen: “Esan daiteke Saroben hasi zela dena. Bertan elkar ezagutu genuen Moriartiko bazkide guztiak. Urte zoragarriak pasa genituen Saroben, ikasketak bukatu eta produktora sortzea erabaki genuen”.

Oroitzapen bikainak gordetzen ditu, zinema baitzen hizpide nagusia: “Zinemaz hitz egiten genuen etengabe. Klaseak ematen profesional handiak izan genituen: Michel Gaztambide, Enrique Urbizu... pribilegio moduko bat bezala sentitzen dut”.

Urteak igarota, ikasle haiek maila handiko profesionalak bilakatu dira. Baina fama handia lortuta ere, sustraiak ahazten ez dituzten pertsonak dira. Garañoren ahotan nabari da filma Saroben aurkeztea berezia izango dela: "Ederra da. Atzera begira jarri eta pentsa non ginen orain dela hemeretzi urte. Ilusio guztiarekin bizi ginen, laburmetraiak prestatzen  eta noizbait zuzendari izango zarela imaginatzen. Zinema zuzendari, edo argazki zuzendari, ekoizle... Hori bete egin da. Filmak egiteko aukera daukagu eta pelikula horietako bat Saroben eskaintzea oso ederra iruditzen zait. Saroben ikasle izandako jende asko film honetan inplikatuta egon da efektu berezietan, soinu hartzaile gisa, gidoigintzan eta ekoizpenean... Gu bezain harro eta pozik sentituko dira".

Abenduak 15, igandea. 18:00, Sarobe. 4 euro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!